Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Iganderon
Igandero programaren barruan haurrentzako tailerrak antolatu dituzte hilaren 24rako. Zabaltza plazan egingo dira eta euria egitekotan Martindozenean ospatuko dute eguna.
Hilaren 20a Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da eta hainbat jarduera antolatu dituzte Zabaltza plazan aste honetako Igandero ekimenaren barruan. Udalak beste urte batez antolatzen duen ekimena da eta haurren eskubideak ezagutaraztea du xede; baita kolektibo honek sufritzen dituen arazoei buruz sentsibilizatzea ere. Adi! Planeta zaindu nahi dugu! lelopean egingo dira jarduerak eta euria egitekotan Martindozeneara lekualdatuko dute ekimena.
Aurtengoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 24. artikulua izango dute hizpide; osasunari, urari, elikadurari eta ingurumenari buruzko artikulua da hogei eta laugarrena. Besteak beste, osasun-arreta ona izatekoa, edateko ur garbia eskura izatekoa, elikadura osasuntsua jasotzekoa eta ingurune garbi eta seguru batean bizitzekoa dira zerrendatzen direnak.
Jardunaldi hauek udalak ez ezik, Txikis del Bidasoak, Txinzerrek, Emhanek, Artean Espazioak, Parean elkarteak, Txiribueltak edota H2S-k antolatu dituzte. Programazioa hamar urte arteko haurrei begirakoa da eta ingurumena, mugikortasuna, 0 kilometroa eta antzeko tailerrez gozatzeko aukera izango dute.
Eguna 11:00etan hasiko dute eta 13:00etan bukatu. Ondoren, Hortzumuga teatroak Agurea, urpekaria eta itsasoa antzerki emanaldia eskainiko du 13:00etan hasita. Emanaldi hau ikaskuntzari eta tolerantziari buruzko abentura bat da eta umorez jositakoa da. Asier Burgete aktore irundarra da ikuskizun honen protagonistetako bat.
Tailerrak
Txikientzako tailerrak:
- Soinu instalazio interaktiboa Turukutuparekin: Reziclonk instalazioan hondakinak berreskuratzen dira soinua egiteko tresna batzuk sortzeko. Horrela, parte- hartzaileek askotariko materialek eskainitako aukerekin esperimentatu ahalko dute.
- Bizikleta-abildadeak ikasteko zirkuitua, Balaztarekin: dagoen espaziora egokitutako zirkuituak, askotariko abildadeak eskatzen dituzten tarteekin. Pedalik gabeko txirrindentzako egokitua, 4 urtetik aurrera.
- Marrazketa-gunea, Txiribueltarekin: Marrazki tematikoak egingo dituzte klarionarekin galtzadan.
- Elementu naturalak eta jolas libreak, Ehmanekin: haurrak naturarekin birkonektatzeko eta beren sormena eta abildade sozialak garatzeko espazio bat.
- Sormen tailerra Artean Espazioarekin.
- Parean elkartearen irakurgunea.
Sei urtetik gorako haurrentzako tailerrak:
- Birziklatzearen dama-jokoa, Txingudiko Zerbitzuekin: gaikako bilketa lantzeko joko bat, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira eraman behar baita.
- Baratzezaintza tailerra Mattin Sormenarekin: jarduera honetan, substratua prestatuko da, landaketa txikik egingo dira eta berotegi txiki bat ereingo da.
- Paduraz padura jolasa, Txingudiko Zerbitzuekin: antzara-joko erraldoian inspiratutako familientzako jolas honetan, Txingudiko padurari buruzko bitxikeria ugari deskubrituko dituzte galderen eta erronken bidez.
- Musika-tresna birziklatuak, Turukutuparekin: hondakinak erabilita, musika- tresnak egingo ditugu, objektuak birziklatuta eta bigarren aukera bat emanda.
- Surf skate tailerra HS2rekin: haurrentzako skate park bat muntatuko dute, bi zirkuiturekin, bat txikientzat eta beste bat 4 urtetik gorakoentzat. Skateak eta kaskoak, antolakuntzaren eskutik.