FICAB Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoko sariak banatu dituzte
Publikoaren Sari Berezia Aitor Baztarrika Oca hondarribiarraren 'Jesus Carrera: Hondarribiko gorria' dokumentalak jaso du. Larunbatean izan zen sari banaketa.
Bidasoko XXIV. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa bukatu da eta larunbatean egin zuten sari banaketa. Cristina Laborda Irungo alkateak Irun “arkeologiaren hiriburua” dela aldarrikatu zuen ekitaldiaren hasieran.
Epaimahaiaren lehendakaria Antonio Pizzo izan da, eta bost sari banatu dituzte guztira. Epaimahaiak aurten lehiaketara aurkeztu diren filmen maila altua nabarmendu du.
Epaimahaiaren Sari Nagusia erabakitzeaz kideak Itziar Bergara, Vanesa Fernandez, Mattin Aiestaran eta Mertxe Urteaga izan dira, eta Liban, Les Secrets Du Royaume De Byblos (Libano: Biblosko Erresumaren sekretuak) lanak jaso du. Zuzendaria Philippe Aracting da, eta epaimahaiak baloratu duenez, gidoiaren, garapen narratiboaren eta edukiarekin batera doazen irudien kalitateagatik eta kategoriagatik saritu dute, besteak beste.
EiTB sariak genero ikuspegia sustatzea du xede eta edizio honetako garaikurra Terra X- Das Grab Der Schamanin (Terra X. Xamanaren hilobia) lanarentzat izan da. Christian Stiefenhoferrek zuzendu du eta ikerketa arkeologikoari esker kontakizun historikoa eraldatzeko egin duen ekarpena baloratu dute. “Gainera, eta begirada berritzailea ezartzen du emakumeen antzinako zibilizazioetan izan zuten protagonismoari eta garrantzi sozialari lekua emanez eta ezarritako kontakizunaren paradigma aldatuz”.
Film honek, gainera, Arkeolan saria ere irabazi du: “Nazismo garaian Alemanian egindako indusketa zahar bati buruzko detektibe moduko ikerketagatik, non informazio guztia berreskuratzen den eta historia liluragarri bat berreraikitzea ahalbideratzeagatik. Gainera, ikerketa sakon eta espezializatuari esker, giza hondakin horiek Txamana batenak direla identifikatzea lortzen da, irudi horrek gure gogoetari dakarkion guztiarekin”.
Hezkuntza Sailaren saria balio pedagogikoak hobekien jasotzen dituen filmari ematen diote eta oraingoan Diving in Aegean History (Egeoko Historian igerian) obrarentzat izan da. Ikus-entzunezkoaren alde didaktikoa goretsi dute eta urpeko arkeologiaren zailtasunak erakusteaz gain, ondarea zaintzeko egiten duten ahalegina biziaraztea lortu dutela adierazi dute.
Publikoak ere saritzeko aukera izan du eta Publikoaren Sari Berezia Aitor Baztarrika Oca hondarribiarren Jesus Carrera: Hondarribiko gorria–ri eman diote.