Ehizaren segurtasun neurriek segurtasuna bermatzen ez dutela salatu du Eguzkik
2011ko Ehizaren Legeak segurtasun neurriak jasotzen baditu ere, talde ekologistak esan du herritarren babesa ez dela bermatzen.
2011n martxoaren 17ko Ehizaren 2/2011 Legea argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza jarduera arautzeko. Legeen artean segurtasun eremuei buruzkoa jasota dagoela adierazi du Eguzki Talde Ekologistak. Segurtasun eremuak ehizaren legediaren 27. artikuluan daude jasota, eta honela definitzen ditu: “Segurtasun eremu deritze pertsonak eta haien ondasunak babesteko neurriak behar dituzten lurrei”.
Era berean, 27. artikulu horrek eremu horiek zeintzuk diren zehazten du eta horietako bakoitzerako segurtasun distantziak ezartzen ditu:
- 20 metroko distantzia ehiza postutik bidegorri eta bide berde izendatutako bideetara.
- 5o metroko distantzia ehiza postutik ibilbide eta herri erabilerako bideetara.
- 200 metroko distantzia hiriguneetatik eta landaguneetatik.
Horrez gain, Eguzkik jakinarazi du legediko 2. puntuak aurreko neurri guztiak “baliogabetzen” dituela, lege horrek honakoa baitio: “Segurtasun eremuetan debekatuta dago armekin ehizatzea, lege hau indarrean jartzen den unean ezarrita eta foru aldundiko organo eskudunak aintzatetsita dauden ehiza postu finkoetan salbu”. Eguzkik nabarmendu du 2011. urtea baino lehen ezarritako ia ehiza postu guztiak ez daudela behartuta segurtasun neurriak betetzera.
Lege horren aurrean, honako gogoeta egin du talde ekologistak: “Argi dago lege hau ehiza murrizteko asmorik gabe sortu zela, nahiz eta beste jarduera batzuk egiten dituenarentzat zentzuzko segurtasuna ez bermatu”. Jende asko ibiltzen den pisten eta bideen ertzean dauden ehiza postuek 2011ko legea betetzen dutela uste bada ere, Eguzkik nabarmendu du herritarren babesa eta naturaz gozatzeko eskubidea “ez direla inolaz ere bermatzen”.