Migratzen ari zirela Bidasoan azken hatsa hartu dutenak oroitu dituzte
Muga fisikoak eta muga ikusezinak salatu zituzten Bidasoan migratzen hildakoen omenezko oroitarrian. Urtero egiten den ekimena da eta herritar asko bertaratu ziren.
Urtero bezala, Santiago zubira iritsi aurretik, skate parkearen ondoan dagoen oroitarrian elkartu ziren atzo herritar asko; “etorkizun hobe baterako bidaian hildako” pertsonak gogoratzeko asmoa izan zuten eta horretarako Bidasoan azken hatsa hartu zutenen omenezko monolitoan finkatu zuten hitzordua. Ekimena, Fivasco, Eskubidedun migratzaileak Gipuzkoa eta Korapilatuz elkarteak deitu zuten.
Manifestuaren irakurketa egin zuten lehenik, eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak jasotako datuak ekarri zituzten: 2024ko lehen sei hilabeteetan, gutxienez 1.541 pertsona hil edo desagertu direla Europako Batasunaren hegoaldeko mugan.
Aurtengo omenaldian Ukrainia, Palestina, Sudan eta Libanoko gerrak bizitzen ari diren herritarrak izan zituzten presente. Halaber, Israelgo estatuaren “ankerkeria” gaitzetsi zuten.
Oraingo honetan Ukrainia, Palestina, Sudan eta Libano kolpatzen dituzten gerrak nabarmenduz; eta bereziki, milaka pertsonaren sarraskia eragin duen Israelgo Estatuaren ankerkeria gaitzetsiz. Gerra hauek geldi zitezkeela NBEko herrialdeen %80k horien kontra bozkatu zutelako deitoratu dute. Horren ondorioak zuzenean Gipuzkoara eragiten du eta Gazatik zauria larriak sendatzera etorritako palestinarrak aipatu zituzten.
Muga ikusezinak egon badaudela gogoratu zuten. Muga horiek Bidasoara bizitzera etorri diren migranteek jasaten dituztela eta ez justuak eta baztertzaileak direla salatu zuten. “Muga legala da bizi dutena. Ez dute etxebizitzarako eskubiderik ezta urte luzez lan egitekoa ere ez. Eskubiderik gabeko herritarrak izaten dira. Halaber, diskriminazio soziala jasan behar dute”.
Manifestuaren irakurketaren ondoren, Amets Arzallus bertsolari hendaiarrak. Garai batean portugaldarrak eta orain lagun afrikarrak, eta gogoan eduki ezin direnak gogoratzen ari direla nabarmendu zuen. Aldarri egin zuen migrazio bidean aurrera egin dutenei eskua luzatzea. Azkenik, Txoria txori abestu zuten denek batera.