Emozioak, mugimendua eta musika nagusi izan dira Amua Festibalaren laugarren edizioan
Gaur arratsaldean egin dute sari banaketa ekitaldia: 'Story of one man' film laburra, 'Kontraesanak' lanak, 'Gazpacho en la mochila' bideoklipak eta 'Gilbert' lanak jaso dituzte Judas Arrietak diseinatutako sariak.
Amua Festibalaren 4. edizioari bukaera eman dio gaurko saioak. Osteguneko eta ostiraleko sesioek festibalaren esentzia ezin hobe jaso dutela kontatu du Karolina Sainz de Bikuñak. Bera izan da hiru egunak aurkeztu eta gidatzearen arduraduna. Amua Festibalaren esentzia etengabe eraldatzea eta formatu ezberdinengatik apustu sendoa egitea dela azaldu du, ikuslegoari musika modu ezberdinetan helarazteko, eta musikaren bidez ikuslegoarengana heltzeko.
Edizio honetan binilo azoka, Radio 3en El sótano zuzeneko saioa, bi talde handiren kontzertuak, epaimahaiak aukeratutako film labur finalistak, lehenengo EiTB Bideoklip lehiaketako bideo finalistak, Bruce Spristing-en dokumentala eta Soinubanda zuzeneko saioak barnebildu ditu festibalak.
Gaurko saioa EiTB Bideoklip lehiaketara aurkeztu diren bederatzi bideoklip proiektatuz hasi dute. Horiek hiru multzotan banatu dituzte eta tartean ikuslegoaren saria eta Bota Betta! gazteen sariak banatu dituzte.
Ikuslegoaren saria Story of one man film laburrak eskuratu du. Dokumentala ostegunean proiektatu behar zuten, baina akats tekniko batengatik ezinezkoa izan zen hori gauzatzea. Antolakuntzak bigarren aukera bat eman eta ostiralean ikusi ahal izan zen. Horregatik bereziki, hunkituta jaso zuten saria filmaren sortzaileek. “Eskerrik asko talde guztiari, oso talde dedikatua zarete, oso langileak eta profesionalak. Benetan eskerrik asko gure dokumentala bigarren aldiz ematea ahalbidetu diguzuelako” esan zuten mikrofonoa eskuetan.
“Etengabeko mugimenduan” dagoen jaialdia denez, aurten Hondarribiko Udaleko gazteria sailarekin elkarlanean bideo musikalen tailerra antolatzeko ideia izan zuten, 16 eta 18 urte dituzten gazteei zuzendurikoa. David Rodriguezek Losadak gidatu zuen ikastaroa eta bertan sortutako proiektuen artean Bota Betta! saria banatu dute. Lehen edizio honetako irabazleak Malen, Jone ta Hiart izan dira Kontraesanak lanarekin.
Oholtzara igo eta eskerrak eman dituzte izandako aukeragatik, asko ikasi eta asko disfrutatu dutela azaldu baitute. Ondoren, Duplari eskerrak eman dizkiote abestia uzteagatik eta baita beren lagunei ere, bideo musikala grabatzen laguntzeagatik. Azkenik, Anuskari eskertu diote haren laguntza, “gaur ezin izan du etorri, baina bera gabe ezingo genuke hau egin”.
EiTB Bideoklip lehiaketaren lehen edizioaren irabazlea jakinarazi dute ondoren. Bikuñak azaldu duenez, atal berri honek “sekulako arrakasta” izan du: “Gure proposamena izan da, Bidasoaldeko, Iparraldeko eta Nafarroako sortzaileei zuzendutakoa, eta hiru herrietako ekarpenak jaso ditugu”. Honakoa sorpresa izan dela onartu du aurkezleak. “Sorpresa positiboa izan da eta eskerrak eman nahi genituen parte hartze oso zabala eta oso polita izan delako”. Datorren urtean Euskal Herri osora zabaltzeko ideia dutela aurreratu du.
Epaimahaia Koldo Almandozek, Naia del Castillok eta Pablo Riberak osatu dute eta Mikel Unamuno Gazteako zuzendariak eman du lehen edizio honetako saria: Gazpacho en la mochila, Eki Erro, Mikel Iturria eta Mikel Alonso hondarribiarren lana. Saria jasotzera baina, ezin izan dute bertaratu, hirurak kanpoan zirelako. Haien ordez bideoklipean parte hartu duen Pilar Blanco igo da eszenatokira saria jasotzera. Hala ere, saridunek eskerrak emateko bideo bat bidali dute.
Sail ofizialeko saria
Azkenik, sari banaketari bukaera emateko sail ofizialaren saria banatu dute, edo banatu dituzte esan beharko genuke. Epaimahaiak bigarren aipamen bat ematea erabaki duelako. Miren Izak, Kristina Zorritak eta Xabier Erkiziak osatu dute sail honetako epaimahaia. Erkiziak hartu du hitza aurrenik: “Guri sari bat emateko eginkizuna eman ziguten, baina egia da oso zaila dela neurtzea non hasten den film bat, non bukatzen den bideoklip bat, zer den zinea, zer ez… Eta orduan, erabakia hartzerako orduan bigarren sari bat, aipamen bat, ematea erabaki genuen”. Aipamen berezia Andaluçê Yorá filmari eman diote eta Amua Festibaleko sari nagusia Gilbert lanari.
Azken lan honen sortzaileek oso hunkituta jaso dute saria. Ahotsa dardarka zutelarik eskerrak eman dizkiote festibalari, antolatzaileei, epaimahaikideei eta ikusleei. Aldi berean, tanta hotzagatik gaizki pasatzen ari diren pertsonentzako indarrak bidaltzeko baliatu dute unea eta ikusleek txalo bero batekin goxatu dituzte.