Txingudiko gizonen lehen taldea, Logroñora
Gizonen talde nagusiak Envases Riojaren aurka jokatuko du bihar, 16:00etatik aurrera. Harrobiko taldeak ere lehian arituko dira, eta hainbat jokalari Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioarekin izango dira asteburuan.
Txingudi Errugbi Taldeko gizonen talde nagusia lehiara itzuliko da bihar Logroñon. Bidasoarrek lehen jardunaldiko atzeratutako partida jokatuko dute Envases Riojaren aurka, 16:00etatik aurrera. Logroñoko taldea hirugarren postuan da sailkapenean, eta klubak adierazi du norgehiagoka zaila izango dela Txingudirentzat. Emakumeen lehen taldeak, aldiz, ez du partidarik jokatuko asteburuan.
Harrobiko taldeei dagokienean, 16 urtez azpiko taldeak Iruñean jokatuko du bihar Iruña taldearen aurka, 11:00etatik aurrera. Honakoa izango da lehen faseko azken partida errugbilari gazteentzat, eta beharrezkoa dute irabaztea Euskadiko Txapelketa jokatzeko sailkatu nahi badute. Igandean, aldiz, errugbi eskolako errugbilari gazteak irtengo dira berdegunera. Txingudi-Orereta taldeko 10 eta 12 urtez azpiko taldeek Eibarren jokatuko dute, 10:30etik aurrera.
Azkenik, Txingudi Errugbi Taldeak ordezkaritza izango du 13 eta 14 urtez azpiko Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan. Entrenamenduak asteburu honetan izango dira, Hernanin, eta orotara Txingudiko 11 jokalari izango dira bertan: Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Galder Eizagirre, Omar El Mossaoui, Markel Aizpurua, Telmo Bereziartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Oier Goenaga, Oihan Sanchez eta Beñat Tristan. Horrez gain, Euskadiko 16 urtez azpiko selekzioak entrenamendua egingo du astelehenean Zarautzen, eta bertan Txingudiko Mattin Petrikorena eta Thiago Meleiro jokalariak izango dira.