Hondarribiko estoldetatik atera berri den talde freskoa
2023an sortu zuten Stoldak taldea Hans Dieckmannek, Hodei Ezeizak eta Koldo Emeryk (Mkarel). Bederatzi abesti dituen album digital bat argitaratu berri dute. Plataforma digital guztietan entzungai dago.
Psilocybeneako bigarren entsegu gelan elkartzen dira astelehenero Hans Dieckmann, Hodei Ezeiza eta Koldo Emery (Mkarel), Stoldak taldeko kideak. Musikak pisu handia izan du Hondarribian, eta dozenaka talde sortu dira Psilocybe elkartearen barruan, zuhaitz baten adarrak bailiran. Haietako askotan izan dira hirurak. Dieckmann, adibidez, Zura taldeko kide izan zen, eta ondoren, Ras Miguel & Tafari reggae taldean aritu zen urte luzez. Ordutik proiektu txikiagoetan murgilduta egon da. Ezeizak 15-16 urterekin hasi zuen haren ibilbidea. Amuteko elizaren atzeko lokal batean hasi zen kuadrillako lau lagunekin batera jotzen. 17 urterekin Alambrada taldea osatu eta Psilocybe elkartean sartzea lortu zuten. Alambrada desegin zenean Velocet taldean eman zion segida haren musika grinari. Bien bitartean, urte luzez, Elektropatxarangako kide izan zen. Emeryk, berriz, 16-17 urterekin sortu zuen lehen musika taldea Ramon Albizu eta Iñaki Mariskalekin batera. Alternativa Ulster zuen izena. Ondoren, Beti Mugan taldea sortu, eta lau urtez taldeko gitarrista eta abeslaria izan zen. Urte asko igaro ditu Psilocyben, eta Dieckmannen antzera hainbat taldetatik igaro da, jotzeko plazeragatik soilik. Marmoka izan da haren azken taldea.
Etengabe hazten ari den zuhaitza da Psilocybe; Stoldak 2023an loratu zen. Emery eta Dieckmann, beste zenbait musikarirekin batera, jam session-ak egiteko elkartzen ziren, eta Emery askotan kantaren batekin agertzen zela kontatu du Dieckmannek. Horiek jo, eta gutxika taldeari forma ematen hasi ziren. «Koldok aipatu zidan talde berri bat osatu nahi zuela, eta beste musikari bat behar genuela». Aukeraketa egin eta Ezeizari deitu zioten.
Bost abesti grabatzeko proposamena zena, azkenean, bederatzi kantu jasotzen dituen album batean bilakatu da. Emery: «Segituan aspertzen naiz. Kanta bat egin eta bizpahiru hilabeteren buruan jotzen egon ondoren beste zerbait berria behar dugula iruditzen zait». Hala, lehen bost abestiak ikasten eta entseatzen ari zirela sortu ziren gainontzekoak. «Gurpil batean sartu ginen eta gustura gaude», gaineratu du taldeko kideak.
Taldearen esentzia
2024ko ekainera arte, ordea, taldeak ez zuen izenik izan. Psilocybek antolatu zuen PTP Jaian jo zuten aurrenekoz, eta bertan aritzeko izen bat pentsatu behar izan zuten. Ideia jasa egin, eta bi mila aukeraren artean Stoldak izena hautatu zuten: «Kloaka, estoldak gainezka, hoditeria, ur zikinak, arratoiak… Zuk nahi duzun guztia izan daiteke. Azpimundua edo azpitik doan hori guztia azaleratu nahi genuen. Gauzak gordin esan».
Rocka erdigunean, ez diote aterik ixten alde batera edo bestera doazen doinu eratorriei. Post rock, post punk eta gisa horretako doinuen nahasketa bezala definitu dute taldekideek eurena. Ezeiza: «Marrubi abestia, adibidez, funkyagoa da, eta Zuritzen lasaiagoa». Emeryren iritziz «oso guay-a» da hori, kanta guztiek linealtasunarekin hausten dutelako. «Kantaren batekin egon zen halako errezeloa, baina hori guay dago», [Hirurak barrez]. Orokorrean, abestien ideia nagusiak Emeryk izaten ditu, baina ondoren hiruren artean moldatu eta adosten dute guztia.
Abestiak zuzenean grabatu zituzten, lokaleko giroa jasotzeko. Ez zuten produkzio handi bat izatea nahi. «Normalean bateriak klaketa bat izaten du erritmoa jarraitzeko, hori gabe egin genuen, hirurak batera joaz. Gero bai, horren gainetik ahotsa jarri genion eta beste zenbait detaile. Baina oinarria zuzenean grabatuta dago». Honakoa ez da gauza samurra izaten, «baina oso musikari onak dira», esan du harro Emeryk.
Albuma digitalean argitaratu dute soilik. Youtuben izan ezik —lau abesti publikatu dituzte plataforma horretan oraingoz—, plataforma guztietan daude entzungai bildumako kanta guztiak. Orain artean jendearen erantzuna oso positiboa izan dela adierazi dute pozarren eta aktiboki kontzerturik bilatzen ez dauden arren, herrian bertan edo gertu jotzeko aukeraren aurrean kantu gehiago prestatzen ari dira.