«Gero eta emakume erreferente gehiago daude»
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua bukatu ondoren Anerenak taldea osatu zuen Hondarribian, jarduera fisikoa, sozializazioa eta ongizatea uztartzen dituen 'running' taldea. Aldi berean, Heziketa Fisikoko irakaslea da Iruñean.
Sekulako ilusioarekin itzultzen da astero-astero Iruñetik Ane Bayo, saio berri bati ekiteko prest. Haren proiektu txikia hazten ikusi du lau urteotan, eta sortu duten komunitateaz harro dago. Taldea gidatzen izandako esperientzia partekatzeaz gain emakumezkoen futbolaren gorakadaz, hilekoa kontuan izatearen garrantziaz eta erreferenteei buruz aritu da.
Zergatik erabaki zenuen emakumezkoentzako espazio bat sortzea?
Arraunlaria nintzen, eta ibilbide hori bukatutzat eman nuenean Emeki elkartean hasi nintzen yoga klaseak ematen. Gustuko nuen, baina beste estimulu batzuk behar nituen, aktibitate gehiago. Gasteizen ikasten ari nintzela running taldetxo batean sartu nintzen, eta dinamika asko gustatu zitzaidan. Etxera itzuli nintzenean halako talde baten bila hasi nintzen, baina BATeko taldea aurkitu nuen soilik. Ez nuen konpromiso maila hori nahi, eta beraz, nire taldetxoa sortzea erabaki nuen. Horretarako Emekiren laguntza izan nuen.
Hasieran nire kuadrillako lauk eman zuten izena, eta horrek lasaitasuna eman zidan. Nire ama ere etortzen hasi zen, eta poliki-poliki jendea batzen hasi zen.
Nolako taldea da osatu duzuena?
20 bat emakume gara eta horietako asko ia hasieratik daude nirekin. «Nukleo gogorra» deitzen diet, hor daude beti, taldea egiten. Gerturatzen diren guztiak oso jatorrak dira eta horrek giroa oso positiboa izatea eragiten du. Bi talde daude: hastapen taldea eta maila ertain-altua dutenak. Entrenamenduak, beraz, bi taldetxo horietara moldatzen ditut. Astelehen eta asteazkenetan elkartzen gara. 18:30etik 19:00etara ariketak egiten ditugu eta 19:00etatik 20:00etara running entrenamendua.
Nola deskribatuko zenuke zuen talde dinamika?
Taldeko nesken maila handitzen joan den arren, beti defendatuko dut nire helburuak osasuna bermatzea eta bizi kalitatea hobetzea direla. Kirolak, egun, izaera indibidualizatua hartu du, eta talde honen bidez kirolaren esentzia berreskuratzen saiatzen ari naiz, osasuna eta arlo soziala uztartuz. Gizaki sozialak gara, eta beharrezkoa dugu besteek inguratuta egotea, eta kirola egiten eta osasuna bermatzen egiten bada hori, askoz hobeto.
Iaz 50 urteko pare bat emakume batu ziren taldera, eta hori niretzat sekulakoa izan zen, horrek taldeari beste itxura bat ematen diolako. Lehen zerbait elitista zela iruditu zitekeen, ia denak oso gazteak zirelako, eta hiruzpalau amatxo apuntatu izanak taldea irisgarriago egiten du.
Zer jaso duzu talde honetatik?
Batez ere autoestimua indartzea lortu dut. Proiektu hau ez da nire sostengu ekonomiko nagusia, baina egiten didan ilusioa izugarria da. Oso garrantzitsua da niretzat. Nik sortu dut taldea, baina bertan dauden emakume guztiak gabe ezingo nuke aurrera eraman. Asko disfrutatzen dut. Iruñean bizi naiz, klaseak hiruretan bukatzen ditut, azkar batean jan eta Hondarribira joaten naiz astean bitan. Sakrifizio handia da, baina merezi du.
Egun gero eta emakume gehiago dira korrika egiten dutenak, eta horren adibide da lasterketa guztietan emakumezkoen kopuruak gora egin duela. Donostiako Hiru Hondartzetako Krosean, adibidez, emakume gehiagok parte hartu zuten gizonezkoek baino. Zentzu horretan badirudi bidea egiten ari dela. Zergatik kostatu zaie hainbeste emakumeei pauso hori ematea?
Erreferente faltagatik esango nuke. Azkenean, emakumezko erreferente faltak eragin du askotan gu geu gutxiestea edo ezgai sentitzea. Gaur egun emakume pila ikus ditzakegu gure inguruan korrika, baita sare sozialetan ere. Horrek jendearen mentalitatea aldatu du eta askok «horrek egiten badu, zergatik nik ez» esatea eragin du.
Eta hori jarduera fisikoaren munduarekin dago zuzenean erlazionatuta. Jarduera fisikoak pertsonak hobeto eta indartsuago sentiaraztea eragiten du, autoestimua handitzen du, gure bizi kalitatea hobetuz. Lotura horrek eragina du egun bizitzen ari garen errealitatearekin. Duela pare bat urtera arte ez zeuden hainbeste emakume erreferente, adibidez, sare sozialetan. Pertsona horiek korrika egiten dutela edo indarra lantzen dutela erakusten dute, eta horrek eragina du gure artean. Kasuak eta kasuak daude, noski.
Esan duzu ez dituzula entrenatzen denbora jakin bat egiteko, baina animatzen dituzu lasterketetan parte hartzera, ezta?
Kontraesankorra iruditu dezake, baina lasterketa batean parte hartzeak eta helburu finko bat izateak eragiten du jarduera horrekin jarraitu nahi izatea eta motibatzea. Noski, ez diet inoiz eskatuko denbora jakin batean egitea, baina parte hartzera animatzen ditut.
Gizartean gero eta indar handiagoa hartzen ari da emakumezkoen futbola eta horrek, hein batean, beste kirolei eragiten die. Irakasle gisa hala hauteman al duzu?
Iruñeko Lanbide Heziketako zentroan oso neska gutxi daude. Klase bakoitzeko hiruzpalau neska daude eta erdiak futbola praktikatzen du. Azkenean honakoa ere erreferenteekin lotuta dago. Gizonezkoen futbolak beti izan du populartasun hori, eta emakumeen futbola gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari da. Horrek erakartze efektua izan du eta neska gazte asko apuntatu dira handitan futbolari izateko nahiarekin. Gaizki edo ondo dagoen? Nik pertsonalki ez ditut futbolaren balioak gustuko, baina emakumea izanda eta inoiz seme-alabarik badut gustatuko litzaidake, nahiko balu eta profesionaletara heltzen bada, hortaz bizi ahal izatea, gizonezkoen baldintza berberekin.
Beste kirolei dagokienez, garrantzia kentzen die. Oso gai konplikatua da. Futbolak guztia xurgatzen du eta beste kirolak gutxiesten ditu. Nire bikotekidea ere irakaslea da, eta formazio saioetan asko hitz egiten dute honi buruz. Jolasgaraian futbolera jolasten dutenak popularrak izaten dira, eta gainontzekoak jazarpena jasatera hel daitezkeenak dira. Agian ume horiek oso onak dira atletismoan, baina popularrek ez dituzte sozialki berdin ikusiko. Tristea da.
Gazteekin jarraituz, ohikoa izaten da nerabezaroan neskek kirola uztea. Gizonezkoekin, ordea, hori ez da gertatzen. Zergatik errepikatzen da joera hori?
Honakoa ere erreferenteekin lotuta dagoela uste dut, eta gizarteak esleitzen digun patroiarekin. Emakumeok aktibitate delikatuak egitera bideratuta gaude, eta ez kirol edo jarduera bortitzak egitera. Txikitatik esan digute ezin genuela futbolera jokatu eta zintzoak izan behar dugula.
Gaztetan atletismoa egiten nuen nire lagunekin, baina DBHra heldu ginenean utzi egin zuten. Kuadrillako bakarra izan nintzen atletismoan jarraitu zuena. Heltzen zara puntu batera non zure lagun guztiak dauden dantza egiten —nire kasuan—, eta zu kirola egiten. Gainera, talde zaharrago batekin egoten zara askotan, eta ia denak gizonezkoak izaten dira. Zure gorputza aldatzen hasten da, garatzen hasten da, nerabezaroan sartzen. Bularrak hazten zaizkizu, pisua hartzen duzu, eta ez duzu ulertzen zergatik. Agian entrenatzaileak laguntzen dizu eta jarraitzea lortzen du, baina beste kasu batzuetan laguntza faltagatik edo norberaren pertsonalitateagatik kirola baztertzea erabakitzen duzu. Eta hori da ia beti gertatu dena.
Arraunean, adibidez, 40 urteko gizon pila daude, eta adin horretako bi edo hiru emakume daude soilik. Zergatik? Emakumeek adin hori izatean ama izan behar dutelako, eta ezin direlako horretara dedikatu, baina gizonak, berriz, bai. Eta gainera, erreferente dira. Emakumeetan hori ezinezkoa da. Iristen da puntu bat 25, 26 edo 27 urte izan, eta taldeko helduena zarela. Gehienek 18 urte inguru dituzte, eta 27 urterekin zure lana duzu, egonkortuta zaude… Eta Batxilergoa bukatu ez duten nesken erreferente bakarra zara.
Egoera horri buelta eman dakioke?
Baitez espero dut. Gaur egun dauden mugimenduekin eta hori aldatzeko emakumeak egiten ari garen esfortzuekin baietz esango nuke. Zorionez gero eta emakume erreferente gehiago daude. Gure lana da gazteei erakustea posible dela. Zenbaitek ez dute ulertuko, oraindik pentsamolde sexista eta matxistak daudelako. Atletismoan edo futbolean, adibidez, emakumeak sexualizatzen jarraitzen dute gizon askok. Baina pixkanaka hori guztia atzean uzten ari gara eta pausoak ematen.
Azken urtean atleta askok hitz egin dute amenorreaz eta horrek sorrarazi dizkien arazoez. Gutxinaka bada ere, gero eta askatasun handiagoarekin hitz egin daiteke hilekoaz. Uste duzu kirolean gero eta gehiago kontuan hartzen ari den gaia dela?
Lehen ez zegoen ikerketarik honi buruz, eta zeudenak oso gutxi ziren. Gaur egun gehiago egin dira, nahiz eta oraindik gutxi izaten jarraitzen duten. Oraindik ez dugu gaiaren %10a ere menperatzen, eta oso garrantzitsua da, gure osasuna zalantzan jartzen duelako. Egun goi errendimenduan dauden emakume asko konturatu dira zer nolako astakeriak egin dituzten.
Egun metodologia edo dinamika berriak dituzten entrenatzaileek badakite zeintzuk diren amenorrea izatearen kalteak, eta uste dut gauza asko aldatzen ari direla. Amenorrea izateak esan nahi du zure grasa portzentaia minimoetan duzula, eta beraz, zure puntu gorenean zaudela. Puntu goren hori, ordea, ez da osasuntsua. Sara Alonsok [mendiko lasterkaria da, donostiarra] adibidez, estres haustura batengatik aldaka puskatu zuen, bere dentsitate oseoa oso txikia zelako. Zergatik? Denbora asko egon zelako amenorrearekin eta gainentrenatua. Horrek arazo gehiago ekarriko dizkio, ziur.
Nire ikasleei beti esaten diet garrantzitsuena osasuna dela. Errendimendua garrantzitsua ere bada, baina ezin dugu muga pasa. Eta pozten naiz erreferente asko daudelako gai honi buruz hitz egiten dutenak. Gaia gizartera zabaltzen ari da.
Anerenak taldean nola kudeatzen duzue gaia?
Entrenamenduak pentsatuta eramaten ditut beti, planifikazioa gustuko dut, baina beti esaten diet gure gorputza entzun behar dugula. Nire kasuan zenbait egunetan oso nekatuta izaten naiz hilekoa jaitsi zaidalako, eta egun horietan gure gorputza entzuten, errespetatzen eta ez zigortzen jakin behar dugu. Horregatik esaten diet, nahiz eta entrenamendu bat ezarri, ez dela ezer gertatzen guztia ez betetzearren. Goi errendimenduan pixka bat zailagoa da, baina ez gara makinak.