Udalak babesa azaldu die Katalunian desagertutako emakumearen hurbilekoei
Indarkeria matxistari "gizarte osoak" aurre egin behar diola nabarmendu du udalak: "Elkarrekin, gure gaitzespena adierazten segitu behar dugu gaitz hau behin betiko desagerrarazteko".
Mossos d’Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu du aste honetan, 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak 44 urte zituen, eta Irungoa zen. Emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen den Vallseko auzitegiak (Tarragona, Katalunia) gizona fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen atzo. Giza hilketa, gorpua ezkutatu izana eta tratu txar fisiko eta psikologikoak egitea leporatzen diote akusatuari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak esan duenez. Horren harira, Irungo Udalak erakunde adierazpena egin du desagertutako irundarraren senide eta hurbilekoei babesa eman, eta hilketaren egilearen gainean “justiziaren pisu guztiak” eragin behar diola azaltzeko.
Udalak desagertutako emakumearen izen-abizenak konfirmatu ditu, Monica de la Llana da. Hala, udalak Berdintasun Kontseiluarekin batera landu duen oharrean, erabateko gaitzespen mezua zabaltzeaz gain, indarkeria matxistari “gizarte osoak” aurre egin behar diola nabarmendu du: “Elkarrekin, gure gaitzespena adierazten segitu behar dugu gaitz hau behin betiko desagerrarazteko”.