Bidasoan zein duintasunerako bidean hildako migranteei omenaldia
Igande honetan Irundik Hendaiarako muga zeharkatzen saiatuz Bidasoa ibaian, zein, oro har, etorkizun duinagoa eskuratzeko bidaian hildako migranteei omenaldia egingo zaie Irunen.
Igande honetan, hilaren 17a, Irungo skatepark-ean izango da Bidasoan zein etorkizun duin baterako bidean hildako migranteei egingo zaien omenaldia, eguerdiko 12.00etan. Ekimena Korapilatuz (Bidasoaldeako Bitartekotzarako Erakundeen eta profesionalen Espazio irekia), Eskubidedun Migratzaileak eta FIVASCO (Federación Islámica del País Vasco) elkarteek antolatua izan da, eta aurten hirugarrengoz batu dira aldarrikapena lau haizetara ozen zabaltzeko: Eskubidezko ibilbide seguruak eta Harrera duina.
2024ko lehen sei hilabeteetan, gutxienez 1.541 pertsona hil edo desagertu dira Europar Batasunaren hegoaldeko mugan (Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) datuak). Harrerarako elkarteen sareak migrazioaren kausak adierazi nahi ditu (behar ekonomikoa, natura suntsitzearen ondorioak, jazarpen politikoa…), oraingo honetan Ukrania, Palestina, Sudan eta Libano kolpatzen dituzten gerrak nabarmenduz; eta bereziki, milaka pertsonaren sarraskia eragin duen Israelgo Estatuaren ankerkeria gaitzetsiz.
Muga fisikoez gain, Europara iristea lortzen duten errefuxiatuek sufritzen dituzten muga ikusezinak salatu nahi dituzte, hala nola: legezko muga, urte luzez bizileku zein lan-baimena eskuratzea eragozten diena; edota gizarte-diskriminazioa, etxebizitza duin bat izateko eta oro har pertsona horiek gizarteratzeko eskubide zein baldintzak oztopatzen dituena.
Omenaldian, antolatzaileek manifestua irakurriko dute eta gurean bizi diren hainbat errefuxiatuk hartuko dute hitza, haien esperientziaren testigantza emateko. Amets Arzallus bertsolariak ere hartuko du parte. Herritar guztiak gonbidatuta daude elkarretaratzera, errealitate lazgarri honen aurrean isiltasun konplizea hausteko deialdia eginez. Luther King-ek XX. mendeari buruz esandakoa, mende honetan ere aplikatu dezakegu-eta: “XX. mendeari buruz hausnartzen dugunean, ez zaizkigu larrienak gaiztoen gaiztakeriak irudituko, pertsona onen isiltasun lotsagarria baizik”.