Zaharren egoitzetako egoiliarrekin triziklo ibilaldia, larunbatean
Hiru boluntariok gidatutako hiru triziklok hartuko dute parte larunbat honetan Hondarribiko Caser Betharram egoitzako egoiliarrekin egingo duten ibilaldian.
Bigarren urtez jarraian sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak (BAE) zaharren egoitzetako egoiliarrek trizikloan ibilaldiak egiteko hitzarmena. Hitzarmen horren arabera Gipuzkoako 7 eskualdeetako 14 udalerritako 19 egoitzetan egingo dituzte irteerak.
Horietako bat da Hondarribiko Caser Betharram egoitza. Larunbat honetan (hilak 16) egingo dute aurreneko irteera. Hiru boluntariok gidatutako hiru triziklok hartuko dute parte eta beraz, sei egoiliarrentzako lekua izango da.
Egitasmo honen bidez adinekoek komunitatearekin konektatzen dutela ziurtatu dute Bizikletaz Adinik Ez elkarteko kideek, “esparru iraunkor, osasungarri eta berdintasunezko batetik, errespetua sustatuz eta belaunaldien arteko harremanak ehunduz”.
Herri gehiagotako zaharren egoitzek mugimendu horrekin bat egitera deitu ditu Aldundiak.