Karbono aztarna murrizteko bidean dira Bidasoaldeko bost enpresa
2026rako enpresen urteko isurketak batez beste %46 murriztea da Bidasoa Bizirikek bigarrenez eskaintzen duen kurtsoaren helburua.
Bidasoa Eskualdeko Enpresen Emisioen Kalkulua eta Hobekuntza Planen Prestaketa burutzeko kurtsoa eskaini du Bidasoa Bizirikek bigarrenez. Finean, karbono aztarna murrizteko egitasmoa da eta bost enpresek parte hartu dute: Alcad electronicsek, Irundinek, Atalaia Hotelak, ETH Hotelak eta Garua Esmasak.
Kurtso honen bidez, enpresa bakoitzaren isurien diagnostiko zehatza egin dute, eta epe laburrean murrizketa nabarmenak egiteko oinarriak ezarri dituzte. Proiektuak zazpi hilabeteko iraupena izan du eta hiru saio bateratu egin dituzte. Kurtso honen baitan diseinatutako planen helburua da 2026rako enpresen urteko isurketak batez beste %46 murriztea da, 2023 urtea oinarri hartuta.
Enpresa guztiak Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioan (MITECO) izapidetu dira eta urtea amaitu baino lehen dagokien zigilua lortzea espero dutela jakinarazi dute Bidasoa Biziriketik. “Horrek % 10 handituko ditu MITECO plataforman inskribatutako enpresa gipuzkoarrak”.