Gran Sol taberna Espainiako txapeldun izendatu dute
'Astelehenak eguzkitan' ('Los lunes al sol') pintxoarekin eskuratu dute lehen saria. Beren palmaresean lortzeke zuten azken saria da.
Gran Sol tabernak mugarri bat ezarri du. 11, 12 eta 13ean Valladoliden egin den XX. Espainiako Pintxo eta Tapa lehiaketan lortzeke zuen azken saria lortu du Hondarribiko tabernak; Txapeldun izendatu da Astelehenak eguzkitan (Los lunes al sol) pintxoarekin. Tenperatura baxuan eta bere saltsarekin kozinatutako txerri saiheskia da pintxoaren protagonista, hoisin saltsa txinatarrarekin eskaini eta barbakoa baten gainean aurkezten dutena.
Urtez urte sari ugari eskuratu ditu Gran Solek lehiaketa honetan. 2006an, 2009an eta 2010ean Pintxo Tradizional onenaren saria eskuratu zuen eta 2018ean txapeldunorde izendatu zuten Txerribeltz pintxoagatik.
Urteetako arrakasta beren lan ildoan dagoela adierazi du Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak, pintxo guztiak ondoren tabernan eskaintzeko modukoak izateko formatuan prestatzen baitituzte. Aldi berean, sukaldariburuen mailak zeresan handia izan du ere tabernaren arrakastan: Bixente Muñoz edo Mika Pop sukaldariak igaro dira bertatik, eta egun Iñigo Tizon da sukaldariburu —Goikaldeko argazkian eskuinetik hasi eta lehena da Tizon—.