Euskarazko harremanak estutzeko, Bidasoko Mintzodromoa
Hondarribiko Itsas Etxean egingo da aurtengo edizioa hilaren 29an eta dagoeneko izena eman daiteke. Euskara ikasi edota erabilpena areagotu nahi dutenei begirako dinamika da.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoak euskararekin duen konpromisoa berretsi eta Mintzodromoaren edizio berri bat aurkeztu du. Urte bakoitzean badiako herri batean egiten da eta oraingoan Hondarribiko Itsas Etxean egingo da hilaren 29an, 11:00etatik 13:00etara.
Mintzodromoa euskara praktikatzeko aisialdiko gune bat da eta partaideek euskarazko harremanak sortu eta estutzen dituzte. Horretarako lauzpabost pertsonako taldetan elkartzen dira eta 15 minutuz jarraian interes orokorreko gaiez mintzatzen dira. Dinamikan zehar mahaiez eta mintzakidez aldatzen joaten dira, solasaldi berri bat hasteko.
Saioa dinamizatzen Luze eta Motz bikotea edota beste modu batean esanda, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena egongo dira. Umoregileak dira biak ala biak eta ekitaldia gidatuko dute, esate baterako, hizketaldi tarteetan umore saioak eskainiko dituzte.
Jardunaldiaren bukaeran mokadutxo bat eskainiko diete bertaratzen direnei eta bien bitartean euskararekin lotura izateagatik Bidasoan erreferente diren hainbat pertsona ezagunen bideoak proiektatuko dira.
Aurreko edizioetan ehundik gora parte hartzaile bertaratu dira, eta hargatik, edizio honetan 150 lagunetara zabaldu dute jardunaldia. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago hilaren 21era arte, eta horretarako mezu bat bidali behar da honako korreo elektronikora edota telefono dei bat egin +34 679 202 899 telefono zenbakira. Hilaren 22an parte hartzearen baieztapena jasoko dute.
Gaur agerraldia egin dute aurtengo Mintzodromoa aurkezteko eta bertan izan dira Estitxu Urtizberea eta Itziar Aizpuru Zuzendaritza Batzordeko kideak; eta Nuria Alzaga Zuzendaritza Batzordeko presidentea. Alzagak proposamen hau “oso dibertigarria” dela nabarmendu du, aukera paregabea den heinean euskaraz hitz egiteko eta jende berria ezagutzeko.
Urtizbereak euskara ikasten dabiltzanei ez ezik, euskaraz dagoeneko dakitenei dei egin diete euskaraz ikastera animatzera. Halaber, euskaraz dakiten baina erabiltzeko ohiturarik ez duten pertsonak gonbidatu dituzte hilaren 29ko ekimenera. Aizpuruak ere bat egin du deialdiarekin eta Mintzodromoaren garrantzia balioan jarri nahi izan du: “oso garrantzitsua da ekimen hauek aurrera eramatea, euskaraz hitz egin nahi duten baina aukerarik ez duten pertsonek horretarako aukerarik izan dezaten, arintasunez hitz egiten ez badute ere”.