Emisio Baxuko Eremuaren perimetroa zein izango den, hurrengo fasera
Emisioen hiriko mapa osatu dute lehen fasean, eta bigarrengoan Emisio Baxuko Eremua zein izango den eta zein ordenantzaren arabera kontrolatuko den hasiko dira idazten. Hiriko airearen kalitate okerrena trafikoaren arterietan atzeman dute.
Irunen ere Emisio Baxuen Eremua (EBE) ezarriko da eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planean (HMJP) dagoeneko jasota dago. Horretarako, Irungo Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabal udal ordezkariak gogoratu du eremua sortzeko prozesua lehenengo fasean sartuta egon dela, eta orain bigarren fasean sartu dela.
Faseak fase, Olabazalek argitu du oraindik ez dutela erabaki EBE-ren perimetroa zein izango den eta hurrengo fasean hartuko dutela erabaki hori azaldu du. Eremua zein izango den zehazteaz gain, ordenantza bat idatzi beharko dute eta horren zirriborroa “otsaila eta martxo arterako” prest egon daitekeela aurreratu du Maider Basurto Ingurumen arduradun teknikoak.
Horretarako, bilerak egiten jarraituko dute eta eragile, elkarte, alderdi politiko eta enpresa ezberdinekin EBE zein izango den eta eremua aplikatzeko zein ordenantza izango den erabakitzeko. Hurrengo bileran (hilak 14) Jasangarritasun Mahaiko kideak elkartuko dira Palmera Monteron.
Aldiz, datorren bilera irekia hilaren 20an egingo dute Palmera Monteron, 18:30ean. Saio honetan tailer bat egingo dute eta herritarrei eta elkarteei egin diete dei bertaratzera. Saio honetan zalantzak argitzeko eta ordenantza idazten hasten ere arituko dira.
Faseak ahalik eta gehien errespetatzen saiatzen ari direla jakinarazi du Olazabalek eta eredu moduan jarri du Bilbon eta Donostian horrela ez egin izana eta ordenantzarik gabe aplikatu izana. Bide horretan, EBE ez dutela ezarriko ordenantza idatzi gabe iragarri du udal ordezkariak.
Diagnostikoa
Lehenbiziko fasean, hiriaren airearen, mugikortasun beharren eta ohituren, eta hiria zeharkatzen duten ibilgailu moten diagnostikoa egin dute urtebetez. Horretarako, HMJPean proposatutako eremu baxurako eremua hartu dute oinarritzat eta leku horietan jarri dituzte zortzi aire neurgailuak. Jasotako datuekin mapa bat osatu dute, analisi ezberdinak egiteko balioko duena eta lanean jarraitzeko.
Parametroak neurtzeko bi oinarri dizute. Batetik, Errege Dekretuan jasota dagoena; eta bestetik, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritakoa. Errege Dekretuak ezarritakoaren langa altua dela esan du Olazabalek eta neurtze guztietan Irun muga horren azpitik dago, baina Europako araudiak MOEren gomendioetara gerturatuko direnez, alderatu egin dute MOEk araututako datuekin. MOEren araudia murriztaileagoa da eta horren arabera erabakiko du udalak zein gunetatik hasi lanean.
Diagnostikoaren arabera, airearen kalitate eskasena daukatenak Iparralde hiribidea eta Elizatxo hiribidea dira. Hiriaren “trafikoaren arteriak” direlako dutela kalitate hori uste du Olazabalek, baina, dena den, Kolon pasealekuan ere airearen kalitatea hobetzeko beharra identifikatu dute. Basurtuk gaineratu du hiriaren baliabide gehienak aipatutako hiribide eta pasealekuaren bueltan daudela eta horrek eragiten duela ere trafiko handiena bertan egotea.
Airearen kalitate hoberena dutenak, berriz, Azken Portu, Palmera Montero, Letxunborro hiribidea, eta Hondarribia kalea dira, eta Eguzkitzaldea kalea da emisio gutxien dituen eremua. Airearen kalitatea eskasa den eremuetan fokua jarriko dutela aurreratu du Olazabalek, kontaminazioa murriztu dadin.
Ingurumen Bereizgarrien araberako sailkapen bat ere egin dute, EBEra sartzearen ordenantza bereizgarri horien arabera egin beharko delako. Emisioen %64 ibilgailuek eragiten dute.
EBE eta herritarrak
Herritarrei 500 inkesta baino gehiago egiteko aukera eskaini dietela azaldu du Olazabalek eta ondorio “oso interesgarriak” bildu dituzte. Inkesta egin dutenen %63 ados dago EBE ezartzearekin, eta eremu hori ezartzerakoan zein garraiobide erabiliko duten galdetzerakoan, %85ek oinez, autobusez eta bizikletan egingo zuela baieztatu zuen.
EBEk osasun publikoari lotutako gaixotasunak murrizten lagunduko duen galdetuta, erantzun dutenen %69k uste du horretarako balioko duela EBEk; helduen eta haurren segurtasuna haziko dela horrela %62k iritzi du; jendearentzat espazio publikoa berreskuratuko dela, berriz, %61k; eta hiriko airearen kontaminazioa eta zarata gutxituko dela %49k uste du.