Ordenantza fiskalen eguneraketaren xehetasunak eman ditu Abotsanitzek
Lanketa prozesua, onartutako eguneraketak eta alderdiaren helburuak azaldu dituzte, eta aldi berean, jeltzaleen "gezurraren kanpainari" datuekin erantzun nahi izan diote.
Duela bi aste onartu zuten datorren urtean aplikatuko diren ordenantza fiskalen eguneraketa. Udal gobernuaren aldeko eta PSE-EE eta EAJren aurkako bozkekin atera zen aurrera. Proposamen horrek lanketa sakona izan duela nabarmendu zuen Igor Enparan alkateak orduko udalbatzan, eta gaurkoan, lanketa horren xehetasunak azaldu ditu Abotsanitzek, EAJren “gezurren kanpainari” erantzunez.
Adierazi dutenez 2024ko apirilaren 18an -batzorde batean- esan zuten 2025urterako ordenantza fiskalak eguneratzeko aukera zegoela eta ekarpenak egiteko eskatu zieten gainontzeko udal taldeei. “Denok hutsetik lan egin eta ordenantza hori hobetzeko aukera ezin hobea zela irudi genuen”. Alderdi guztiek ekainaren 30era arte izan zuten ekarpenak egiteko aukera, baina soilik Abotsanitzek aurkeztu zituen. PSE-EEk urriaren 15ean, hau da, batzorderako deialdia zabaldu zenean erregistratu zituen proposamenak eta EH Bilduk aste batzuk lehenago erregistratu zituen. EAJk aldiz, ez zuen proposamenik aurkeztu.
Abotsanitzetik kezkaz begiratzen dute EAJren jarrera; izan ere, jeltzaleek egungo udal gobernuaren lan dinamikan parte hartzeari “uko” egin diotela uste dute. Gainera, jeltzaleen “utzikeria” salatu nahi izan dute, ordenantza fiskalen inguruko dokumentuak bilatzerakoan eguneratu gabeko txostenekin egin baitzuten topo: “hamarkada bat baino gehiagoko izoztea, disketeetan gordetako dokumentuak, hainbat tarifa pezetetan oraindik, Benta zaharrean kokatzen zen eta egun ez dagoen aparkalekuko tarifak…”
Testuinguru honetan onartu zituzten ordenantza fiskal berriak –2025ean tasek eta zergek KPIaren araberako%3,5eko igoera izango dute-. PSE-EEk diru bilketa helburu duen neurria zela argudiatuta aurka bozkatu zuen eta EAJk ere aurkako jarrera izan zuen, baina kasu honetan aurrekontuan sartutako diru guztia gastatzeko astirik izango ez dela argudiatu zuen. Azalpen horiek “zentzugabeak” direla esan dute herri plataformako kideek. Udalbatza horretan, espresuki, aurrekontuaren exekuzioaren nondik norakoak azaldu baitzituzten, eta momentuz, jaso dutena baino milioi erdi gehiago gastatu dela adierazi zuten.
Onartutako aldaketak
Azken urteetan prezioek nabarmen egin dute gora, eta horren aurrean Hondarribiko tasak eta zergak izoztuta egon dira. Datorren urterako proiektu eta zerbitzu berriak gauzatuko ditu udalak, eta horri aurre egiteko tasak eta zergak igotzea ezinbestekotzat jo dute, lege funtsaren arabera altxortegiaren soberakina ezin baita ukitu. Arrantzale auzoa eta Pasaia kaleko berroneratzea, hiri barneko autobus zerbitzua, Gizarte Zerbitzuen kartera betetzea eta horiek Muliatera lekualdatzea dira datorren urtean gauzatzea aurreikusten dituzten zenbait proiektu.
Horiez gain, higiezinen gaineko eta trakzio mekanikoko zergak onartu zituzten ere eta uztailean egin zuten agerraldian eman zuten horien berri. Laburbilduz honakoa jasotzen du ordenantzak:
- Familia ugariei hobariak ematea: 3 seme-alaba dituztenei %50eko hobaria, 4 seme-alaba dituztenei %70eko hobaria eta 5 edo gehiagorekin %90ekoa, baldin eta familiaren osagai positiboak ez duen 80.000 euroko kopurua gainditzen.
- Energia berriztagarrien aprobetxamendurako hobaria, bakarrik ohiko etxebizitzetan ezartzea. Orain arte bigarren etxebizitzek ere aukera zuten.
- Bigarren etxebizitzaren errekargua %75era handitzea. (Oiartzunen adibidez, %75ekoa da, Tolosan Zarautzen eta Hernanin aldiz, %100ekoa eta Donostian eta Irunen %105ekoa).
- Etxebizitza hauetan, hobaria jasotzeagatik errekarguaz salbuetsita zeuden, baina puntu hori ezeztatu egin dute.
- Hondarribiko turismo parkearen %88,42ari (hau da, 8.067ri) ez zaio igoerarik planteatuko. 4.905 ibilgailuri (%53,76) beherapena aplikatuko zaie et parkearen %11,58ak igoera izango du.
- Hilerriko lagapen tasak %50 eta %33ko murrizketa izango dute.
Ordenantza honekin justizia soziala bermatzea eta zaurgarrienei laguntzea izan dute helburu, eta horretarako Hondarribiarren bizi kalitatea lehenetsi eta “behetik gorako herri politikagintza bat” oinarri izan dutela azaldu dute. Zentzu horretan, errenta handien jabe direnek fiskalki esfortzu handiagoa egin behar dutela uste dute, “orain arte kontrakoa izan denean”.