Merkataritza lasterketaren mapan egoteko erronka
Erosketetarako, pausarako edota zeharkatzeko auzo gisa identifikatzen dute gehienek Behobia auzoa, besteak beste. Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa artean dagoen auzo historikoa, baina, soilik urteko egun batez ageri da egutegietan eta hedabideetan: Behobia-Donostia lasterketagatik. Ez da nolanahiko arrazoia, milaka korrikalari batzen dituen ekitaldia da, eta beraz, auzotarren egunerokoan aldaketa nabarmena eragiten du. Etzi 27.000 kirolari joango dira hara.
Behobian hainbat merkataritza gune daude. Historikoena Endarlatsa hiribidean dagoena da. Denetarik topa daiteke bertan, ostatuak, estankoak edota dendak. Haien artean, 50 urte baino gehiago dituen Aries oroigarrien denda topa daiteke. Bertako langile den Alex Omatosek hiru hamarkada daramatza bertan lanean. Garai batean lasterketaren irteera Endarlatsa hiribidetik egiten zen, Omatosen dendaren paretik, baina gaur egun Zubi etxeak bezala ezaguna den etxebizitzen azpian dago hasierako marra, Juan Thalamas Labandibar kalean, hain zuzen.
Dena den, irteera Irun erdigunerago badago ere, korrikalarien masa Aries dendaren paretik pasa eta urrunago ere iristen denez, hori haien negozioentzat «desastrea» dela deitoratu du dendariak. Izan ere, lasterketaren asteko ostegunean auzoko merkataritza guneetako aparkalekuak ixten hasten dira, Endarlatsa hiribidekoa izan ezik. «Aparkaleku hau pribatua dela adierazi nien eta ja ez dute hain goiz ixten», zehaztu du. Dendariaren ustez larunbat arratsaldetik aurrera parkinga itxita egotea zentzuzkoa da, baina ostegunetik ixteak ingurua asteburu osoan aparkalekurik gabe izatea ekartzen duela salatu du. Lorpenak lorpen, Zaisa inguruko aparkalekuak ia lau egunez egoten dira itxita, eta horrek «kolpe ekonomikoa» eragiten die bertako merkatariei.
Elkarlan bila
Azaroa salmenta eskasa izaten duten hilabetea dela azaldu du Omatosek, eta Behobia-Donostiaren garaian zehazki aparkalekuak kentzen direlako bezeroak ez doaz hara. Horrez gain, neguan lan gehien egiten duten unea hilabete bakoitzeko lehen asteburuak izaten dira dendariaren esanetan, eta lasterketaren data horien barne egotea «lan eskasiaren» beste arrazoietako bat da. Lasterketaren egunean merkataritza gune horretako dendetako ateak ez dituzte eguerdira arte irekitzen, «korrikalari pila bat daudelako eta ez delako bezerorik erostera etortzen», zehaztu du. Behobiako zubia autoz gurutzatzea debekatuta egoten da aldi berean, «kolapsoaren ondorioz».
Behobiako Merkatarien Elkartearen parte da Aries denda, eta lasterketaren antolatzaileen partetik ez dutela inolako keinurik jaso adierazi du Omatosek. «Guretzat nekagarria da egun hori, eta Behobia mapan ikusarazten duten arren, gerora gurean ez du inpaktu ekonomikorik», azaldu du. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du lasterketa, eta urtero argitaratzen duten aldizkarian ez diete aipamenik egiten bertako merkataritza guneei. Karrerak haien egunerokoan eragina duenez, elkarlanerako proposamena mahai gaineratu du dendariak. «Badakit urteko egun bakar batera mugatzen dela hau, baina publizitatea egitea ongi legoke», proposatu du. Urratsez urrats egiten bada lasterketa, auzoaren ikusgarritasuna bizkortzea dute 2025erako erronka.