Irugurutzetako interpretazio zentroa hobetuko dute
Obrak egiteko lehiaketa martxan dago eta urtebete izango dute lanak egikaritzeko. Museo instalazio bat sortuko dute, gune estali batekin batera. Lan guztien kostua 1,7 milioi eurokoa izango da.
Hamar urte igaro dira Irugurutzetako meatze eremua zaharberritzeko lanak egin zirenetik. Orain, hamarkada bat geroago bertako interpretazio zentroa eguneratzeko eta museo instalazio bat eraikitzeko asmoa adierazi zuen atzo Cristina Laborda alkateak. Asmoa, bertako meatzaritzaren iragana sustatzeaz aparte, balio turistikoa ematea ere izango da. Irisgarritasuna ere hobetuko dute.
Obra horiek egiteko lanen lehiaketa argitaratu dute jada eta sei hilabeteko epean esleituko dituzte lanak. Ondoren, 12 hilabete izango dituzte lanak egikaritzeko. Horretarako, Next Generation funtsak ezinbesteko izan dira berriro ere eta 1,3 milioi euroko ekarpena egingo dute. Aurrekontua osotara 1.750.474,23 eurokoa da eta udalak osatuko du gainerakoa.
Lanak
Espazio naturalari balio handitu nahi diote, eta horretarako, kultura eta ingurumen eduki eta jarduerak sortuko dituzte labeen eta Aiako Harriaren bueltan. Halaber, meatze hondarren, akueduktuen, meatze zuloen eta galerien inguruan ere egikarituko dituzte lanak.
Ekintza horiei esker sarbide bat egin nahi dute Aiako Harriko parke naturalera, Irundik bertara joateko atea izan dadin. Baliabide digitalez eta ondare elementuez osatutako museo instalazio aurreratu bat dute asmo harrera hori egin ahal izateko.
Bertara iristeko tren berdea zerbitzua berriro aktibatuko dutela aurreratu du Labordak eta oraingoan %100 elektrikoa izango da. Hiri zentroa konektatuko du museoarekin, eta tren berdearentzako aurrekontua 450.000 eurokoa da. Diru zorro horren 200.000 euro Next Generation funtsei esker osatuko da.
Naturgunea
Interpretazio zentroa berritu eta museoa sortuko dute baina lan horiek naturgunea garbitzeko erabiliko dute. Xedea labeak segurtasunez sendotu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea izango da. Hala, landaretzako sasiak kendu eta garbituko dituzte, natura eta biodibertsitatea babesteko eta indartzeko.
Gune estali bat eraikiko dute zenbait solairutan bereizta egongo dena eta igogailu batekin konektatuta. Eraikinak elkartu ahal izateko interpretazio zentroa egongo da erdian. Zentro honen erabilpenerako azpiegiturak ezarriko dituzte, hala nola, hornidura, saneamendua, energia fotovoltaikoa, argiztapena edota aireztapena. Efizientzia energetikoa presente izango dute.