Udalak 25 bizikleta emango dizkio Balazta elkarteari dohaintzan
Bir-Ziklatu programaren bidez Balazta elkarteko kideek bigarren bizitza bat emango diete kalean utzita zeuden bizikletei.
2023ko urtarrilean Hondarribiko Udalak proiektu bat abiatu zuen Balazta elkartearekin batera. Herriko kaleetan utzita zeuden bizikletak jaso eta horiek berreskuratzeko legezko epean inork erreklamatuko ez balitu, Balazta elkarteari dohaintzan ematea adostu zuten. Denbora hori igarota 25 bizikleta jaso ditu Balaztak, horiek bigarren bizitza bat izan dezaten.
Bizikleta jasotzen denetik eman arte jarraitzen den prozedura honakoa dela gogorarazi du udalak: Lehenik abandonatuta diruditen bizikletei informazio pegatina bat ezartzen zaie eta 15 egunez izaten dituzte jarrita. Bizikletak bertan jarraitzen badu, udal gordailura eramaten dira eta bertan daudenean argazki eta karakteristikekin udal katalogoan zintzilikatzen dira. Bi hilabetez izaten dira bertan. Ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzen dira eta beste hilabetez izaten dira bizikletak gordailuan. -Guztira beraz, hiru hilabetez geratzen dira bizikletak udal gordailuan-. Hilabete horiek igarota, bizikletek bertan jarraitzen badute, hondakin kontsideratzen dira.
Aldiz, inork bere bizikleta identifikatuko balu, eskaera bat egin beharko luke izen abizena, eta argazki bat edo faktura bat atxikituz; nolabait, bizikletaren jabea dela baieztatzeko.