Sancho de Urdanibia Jauregia zaharberritzeko lanak, bukatuta
Europako Batasunak finantzatu du guztiz, eraikin hau Kultura Ondasun Kalifikatu bezala dagoelako aitortuta.
Sancho de Urdanibia kolonizatzaile irundarraren izena daraman jauregia zaharberritzeko lanak bukatu dituzte eta horien ikuskapena egitera joan da gaur Jon Ugarte Obrak, Mantentzea eta Azpiegituretako ordezkaria. Eraikin hau Kultura Ondasun Kalifikatu gisa dago aitortuta, Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren kategorian. Ugarteren esanetan, “funtsezkoa” da hiriko gune historikoak zaharberritzen jarraitzea “denboraren joanean iraupena bermatzeko”.
Obra hauek Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin udalak daukan hitzarmenari esker egin dituzte. Hain zuzen, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen dira lan hauek eta Europako Batasunak 500.000 euroko dirulaguntza eman du horretarako. Gastuen %100 finantzatu dute horrela.
Hobekuntzak
Lan hauekin irisgarritasuna hobetu dute, ate automatikoak jarriz sarreran. Bestelako obrak ere egin dituzte eta estalkiaren estaldura erabat ordeztu dute, isolamendu termikoa sartuz, inpermeabilizatuz eta teilazko estaldura osoa berrituz. Halaber, kapilaritate-arazoak konpondu dituzte.
Kanpoko fatxada zaharberritu egin dute, aurretik zegoenaren antzeko akabera bat emanda, eraikinaren estetika alda ez zedin. Igogailu berri bat jarri dute ere, eta barruko argiterian LED argiak instalatu dituzte.