Nomada Jaialdia Irunen ere egingo da
Kultura parte hartzaile eta inklusiboa sustatzea du helburu Emaus Gizarte Fundazioak antolatzen duen jaialdiak. Irunen hilaren 8an eta 9an egingo da jaialdia.
Nomada Jaialdiaren bigarren ekitaldia aurkeztu dute gaur Lekuona Fabrikan. Emaus Gizarte Fundazioak antolatutako jaialdiaren bidez, kultura parte hartzaile eta inklusiboa sustatzea dute helburu, eta gaurtik hasita, bederatzi egunez—hilaren 6tik 15era— zinema, musika, dantza, antzerki eta muralismo diziplinetan, gizarte bazterketa egoeran edota izateko arriskuan dauden pertsonek hainbat artistekin elkarlanean egindako sorkuntzez gozatzeko aukera izango da.
Abiapuntua, Errenteria-Orereta izango du Nomadak Jaialdiaren bigarrenak. Hala ere, beste hiru herrietara ere eramango dute jaialdia; Derio, Arrasate, eta Irunera, hain zuzen ere.
Aitziber Zubillaga Emaus Fundazioaren zuzendariak esan du garrantzitsua dela jaialdiaren barruan ikusiko dena, “baina are garrantzitsuagoa da honaino heltzeko egin dugun prozesuan. Finean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin eta lau herri horietako kultur eragileekin lanketak egin dira, eta lanketak egitetik harago parte hartu dutenen artean begirada aldaketa bat egitea zaurgarritasun egoeraren inguruan, nolabait, komunitate inklusibo, kohesionatuago, eta justuagoak eraikitzen laguntzeko”.
Hala, jorratu diren kultur diziplinak tresnak izan dira begirada eta kultura hori eraldatzeko Zubillagaren hitzetan, “helburua fundazio gisa, administrazioa, kultur eragileak eta zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren pertsonen artean zubiak eraikitzea eta begirada aldatzea ez soilik programa hau gauzatzeko, baizik eta etorkizunari begira jada parte hartzen dutenek beste modu batean lan egin dezaten”.
Jaialdiaren geltokietako bat izango delako eskerrak eman dizkio Emaus Fundazioari Aizpea Otaegi alkateak. Kultura begirada kritikoa eraikitzeko tresna garrantzitsua dela jarri du nabarmen, “etorkizun hobeak, justuak eraikitzeko ere, eta aldi berean ezinbesteko elementu kohesionatzailea”. Hala kohesionatzailea den eta mundu justuagoa bat eraikitzera bideratuta dagoen edozein proiektua estrategikoa dela Errenteria-Oreretarentzat gaineratu du alkateak.
Enrique J. Ramos Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko aholkulariak hartu du hitza azkenik. Datu bat eman du berak, Nomada bezalako iniziatibak “oso interesgarriak” direla esan ondotik: “Lanean ari den pertsona kopururik handiena dugu gaur-gaurkoz EAEn; 1.021.000 lagun ari dira lanean, baina 100.000 dira langabeak. Azken horietatik kopuru garrantzitsu bat lan merkatura sartzeko saiakeran ari diren gazteak dira, eta beste zati bat, pertsona helduak dira. Zatirik handiena, baina, 80.000 pertsona inguru ez laneratzeko zein gizarteratzea arazoa dute”. Nomada Jaialdiaren antzeko iniziatibak, beraz, “ezinbesteko” jo ditu, “ikuspuntu ezberdina bat ematen dutelako, eta instituzioei ere beste ikuskera bat ezartzen laguntzen digutelako. Horren harira, kultura ezinbestekoa da lan politikak bultzatzeko, tradizionalak mantenduz eta berriak gehituz”.
Artea eta Kultura gizartea eraldatzeko motor izango dituen jaialdiaren protagonistak ere izango dira agerraldian. Esteban Garaialde Fernandez da horietako bat, eta berak Beraungo Aldakoenea eraikinak hartu duen erakusketako bost argazkiren egilea da. Jaialdian parte hartzeagatik “pozik” azaldu da: “oso garrantzitsua da argazkilaritzarako ate bat zabaldu didalako. Ongi moldatzen naiz argazkigintzan, oso pozik nago emaitzarekin”.
Bere buruari egin dizkio argazkiak ispilua baliatuta Garaialdek, eta bere gelaren beste hainbat argazki egin ditu. Bost argazki eraman ditu erakusketara, “ilusio handia egin dit parte hartzeak. Halako proiektuek garrantzia handia dute guretzako”.
Joseba Parron da argazkilaritza taldean parte hartu duten hamar pertsonekin elkarlanean aritu den artista. Prozesua nola joan den kontatu dio HITZAri hark. “Uda partean, duela hiru hilabete hasi ginen lanean, eta eskuko telefonoen bidez argazkiak egiteko teknika landu dugu, hura hobetzeko eta sakontzeko bakoitzak bere barne begirada landu zezan”.
Argazkilari ezberdinen lana ere aztertu dutela lanketa horren parte gisa jarri du nabarmen, halaber. HAmar lagun aritu dira, eta prozesua “oso atsegina” izan dela esan du, “oso jende abegikorra da eta interes handia erakutsi du. Arritu nau argazkilaritza berrienaren inguruan agertu duten interesa”.
Erakusketara denera zazpi lagunen argazkiak bildu dituztela azaldu du argazkilariak, “batzuk hiru argazki, eta beste batzuk hamar eraman dituzte erakusketara”. Erakusketa ikustera joateko arrazoi bat ere eman du Parronek: “Benetan argazkilaritza erakusketa ona da”.
Irungo egitaraua
Irunera ostiral eta larunbat honetan (hilak 8 eta 9) iritsiko da. Aipaturiko lehen egunean zinema komunitarioa izango da protagonista Amaia KZn, 17:00etatik 20:00etara. Beste mundu posible batzuk erakusteko apustuan zinema beti egon dela eraldaketa sozialaren abangoardian gogoratu dute, eta diziplina horrek pauso bat eman duela adierazi dute. Isilaraziak izateko joera duten pertsonek “ahotsa altxatu” ahal izan dute zinemari esker.
Egun honetarako hiru jarduera proposatu dituzte. Batetik, kamerarik gabeko zinema tailerra egingo da dantza aretoan. ZineLab-ek kamerarik gabeko zinema sortzeko aukera eskainiko du; ondoren, hitzaldi aretoan, Ostiraletako ametsak film laburra eskainiko dute eta bertan Donostiako kaleetan bizi diren magrebtar gazteak dira protagonistak. Modu esperimentalean asmatu eta protagonizatuko dute filma.
Azkenik, solasaldi bat egingo da hitzaldi aretoan bertan eta parte hartzeko prozesuei buruz eta zinema komunitarioak gaitasunak indartzeko duen zereginari buruz arituko dira. Halaber, sentsibilizaziorako eta aldaketa sozialerako egiten duen ekarpenari buruz hitz egingo dute.
Hilaren 9an, larunbatean, musikaren txanda izango da eta kasu honetan Urdanibia plazan egingo dira jarduerak. Soinu aukera amaigabeak izenburuaren pean, Alain Fanegas musika jartzaileak eta Onavibe musika taldeak Zubia egoitza eta eguneko zentroko pertsonek musika sorkuntzaren aukera amaigabeak aztertu dituzte eta sortutakoa entzuteko aukera izango da. Lankidetza artistiko bat izan da eta 18:30etatik 20:00etara erakutsiko dute.