Aurrekontu berrien lanketa betean da udala
Udal gobernu taldeak 2025 urterako aurrekontu proposamena egin du. Orain, gainontzeko udal taldeen txanda da dokumentuari azken ekarpenak egiteko.
Datorren ekitaldiko aurrekontuen lanketa egiten ari da Hondarribiko udal gobernu taldea. Lehen aldiz, Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta joango den aurrekontuak onduko dituzte. Proposamena idatzi ondoren, astearte honetan (hilaren 5ean) aurkeztu diete udala ordezkatzen duten udal talde guztiei. Gobernu taldeak 33,5 milioi euroko aurrekontua proposatu du, iazko kopuruarekin alderatuta %15eko igoerarekin.
Azaldu dutenez, hamalau milioi euro ikuspegi soziala jorratzeko ekintzetara bideratuko dituzte, bi milioi euro ekonomiari bultzada emateko jardueretara, hamar milioi euro ingurumenarekin zerikusia duten ekintzetara, eta zazpi milioi eta erdi euro, berriz, zeharkako ikuspegia duten udal funtzionamendu orokorreko ekintzetara.
Aurrekontu proposamena alderdi guztien ekarpenekin osatu dutela jakinarazi du Igor Enparan alkateak: «Urriaren 24ko udalbatzan gai honen inguruko aipamena egin zen, eta bertan esan zen udal taldeek urria amaitu arte zutela proposamenak aurkezteko epea. Jasotako ekarpenetatik proposamen bat luzatu zaie udal taldeei balorazioak egin ditzaten».
Datozen asteetan udal taldeekin bilerak egiteko asmoa duela gaineratu du alkateak, aurrekontuaren lanketa «hitzartzeko» saiakeran. Hilaren 14an xehetasunez hitz egiteko batzorde bat deitu du alkateak, eta 28an izango den ohiko bilkuran eztabaidagai izatea espero du.
Ekarpenak egiteko mugak
Udal taldeek atzoko egunean jaso zuten aurrekontu dokumentua “lehen zirriborroa” dela esan du EAJk, eta deitoratu du lehen aldia dela oposizioak “hain denbora gutxi” dutela gobernuaren proposamena aztertzeko. Zentzu horretan, sakonki ezagutzen ez dituzten proiektuei ekarpenak egitea “ezinezkoa” dela nabarmendu eta adibide bat eman dute: “Garapen jasangarriaren helburuetan oinarritutako gastuen deskribapen oso interesgarria aurkeztu da, baina ezagutzen ez ditugun xehetasun asko falta dira”.