Uholdeak saihesteko, elkarlana da giltza
Urriko uholdeen harira gobernu taldeak hartu dituen erabakiez hausnarketa egin du Estitxu Urtizberea zinegotziak, eta etorkizunerako martxan dauden planen xehetasunak eman ditu.
Urriko hirugarren astean, eta batez ere 16tik 18ra, marea bizien garaia izanagatik uholde arriskua iragarrita zegoen. Baina inork ez zuen aurreikusi prezipitazio iraunkorren eraginez egoerak okerrera egingo zuela. Mendelu auzoan baratzeak urak hartu zituen, Minasoroetan Santa Engraziako errekastoak gainezka egin zuen, eta Jaitzubia auzoan orain artean ikusi gabeko ibai ateraldia izan zen.
Marea horien koefizientea otsail eta martxo arteko uholdeena baino baxuagoa izango zela ikusita «pixka bat lasaiago» zeudela kontatu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. «Beti ere komatxo askoren artean, noski. Hondar zakuak jarrita genituen, Minasoroetako bizilagunei ur bonbak utzi genizkien… Nolabait gure esku zegoena eginda zegoen». Baina urriaren 17an izandako prezipitazio iraunkorrek marea gorarekin bat egin zutenean neurri guztiak eskas geratu ziren. Euskalmeten abisua 17ko eguerdian jaso zuten agintariek, eta beraz, «ezer egiteko denborarik gabe» geratu ziren. Urtizbereak eguna «frustrazio handiarekin» bizi izan zuela kontatu du, Mendelu auzoan edo Minasoroetan ur ateraldiak izatea ohikoa izaten da, baina Jaitzubian gertatutakoak sorpresaz harrapatu zituen. «Jendea eta bizilagunak haserre ikusten dituzu, azken finean beren etxeak dira eta haserrea ulertzen dugu guztiz».
Esku hartzeak egiteko zailtasuna
Uholdegarritasuna jasaten duten eremu gehienenetako eskudunak Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusia eta URA agentzia dira, eta beraz, udalak zailtasunak izaten ditu interbentzioak egiteko. Uholdegarritasun bortitzena jasaten duen auzoa Mendelu da, eta Txingudiko paduren barruan dago. Eremu hori ZEPA naturgune babestuen sarearen parte da. «Eusko Jaurlaritzak duen helburua da eremu hori berriro ere bere izaera naturalenera bueltatzea». Helburu horrek, ordea, zuzeneko talka egiten du bizitokien eremuarekin. «Egia da balioa eman behar diogula naturgune horri, baina bizilagunak babestu behar ditut», esan du Urtizbereak etsipenez.
Uholdeak ez dira oraingo gauza, itsasoaren mailaren etengabeko gorakadak eragindako fenomeno naturalak dira, eta beraz, urteak daramate bizilagunek hainbat erakunderekin lanean konponbide baten bila. Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen pasarelaren proiektuak, adibidez, Mendeluri itsatsitako mota bat —lurrez egindako menditxo bat— egitea aurreikusten zuen, baina Jaurlaritzak eskumena Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiari eman ondoren, lan hori egitea bideraezina zela esan zuen.
Konponbideak, martxan
2024ko otsailean gertatutako uholdeen ondoren ikerketa hidraulikoa kontratatu zuen udalak. Ikerketa, momentuz, Mendelu auzoan zentratzea erabaki zuten, bertako arazoa «sakonagoa» delako. Salaberria Ingeniaritza enpresako ikerlariek jasotako emaitzak ikustean zur eta lur geratu zirela azaldu du Urtizbereak: «Gure espektatiba guztiak gainditzen zituen. 2045erako Biok eta Alkaingo pabiloiak dauden eremuan, adibidez, metro eta erdiko uholde bat iritsiko dela aurreikusten da, eta horrek pertsonen bizitza arriskuan jartzen du». Hala ere, esperantzarako tartea dagoela adierazi zuten ikerlariek: Astigarragan edo Hernanin egin duten bezala, Mendelu atzealdean, erretenaren aldean, jarri eta kendu daitezkeen konporta batzuk jartzea eta Josu Langile kalearen atzean mota bat egitea posible dela uste dute. Duela hilabete bidali zuen udalak proiektuaren proposamena URA agentziara, eta argi berdea emango balute, lanak lehenbailehen hasiko lirateke.
Bitartean, kalteak jasan dituzten gainontzeko eremuak ahaztu gabe, esku hartzeak egiten saiatu da udala, baina interbentzio txikiak egin ahal izan ditu: «Minasoroetako harri-lubeten tartean landaredia sartzen utzi ziguten soilik, ura sartzea oztopatzeko. Ez dugu askorik lortu, egia esan».
Egoera horren aurrean, gainontzeko administrazioen laguntza eskatu du zinegotziak. «Ikusita herrian badaudela alderdiak preseski baimen horiek ematen dituzten organismo horietan, gurekin batera arraun egitea eskatuko nieke».