"Sistema bai aprobetxatzen dela migranteaz"
Bost urte pasa dira 'Miñan' liburua (Susa) argitaratu zenetik. Arzallusen eta Balderen bizitzetan eragina izan duen obra izan da, eta bidea Irunen hasi bazuten ere, Keniara, Italiara edota Aita Santuarengana iritsi dira. Hausnartutakoaz aritu dira.
Kamioien mekanikoa da Ibrahima Balde, eta Madrilen bizi da egun. Gutxitan etortzen da bisitan Bidasora, baina etortzen denean agenda beteta izaten du. Irunen ezagutu zuen Amets Arzallus, eta bertatik hasi zuten Miñan liburuak emandako bide orria. Bost urte igaro dira lehen argitalpenetik —egun 23 edizio ditu euskarazko bertsioak—, eta mugetako politika arrazistek zubietan jarraitzen duten bitartean, migrazioaren ezagutzari buruz asko hausnartu dute biek ala biek.
Ibrahima, 2018an iritsi zinen Irunera, eta urtebeteko epean Miñan liburua publikatuta zegoen. Nola oroitzen duzu lehenbiziko urte hori?
IBRAHIMA BALDE: Nire memorian betirako iltzatuta geratu den oroitzapena da urte hori. Irunera 2018. urtearen bukaeran iritsi nintzen, eta gaur egun urte haiei begira jartzen naizenean, diferentzia handia nabari dut. Distantzia oso handia da, eta nire bizitza asko-asko aldatu da. Maite nauen familia bat daukat hemen eta beste bat Afrikan. Ongi nago, egia esan. Kontent. Nire anaiarekin [Amets Arzallusi deitzen dio anai] beti nago ongi.
Liburua publikatu zenean nik ere ez nekien ezer gai honi buruz. Baina Ametsek azalpenak ematen zizkidan, eta poliki-poliki ulertzen joan nintzen. Ez nuen espero nire historia horrela zabalduko zenik, ez nuen espero hainbeste eskutatik pasako zenik. Jendeak zaren moduan errespetatzea da niretzat garrantzitsuena, eta ni neu naizen moduan errespetatzen naute.
AMETS ARZALLUS: Liburua idazten baino, dossier bat egiten hasi ginen asilo eskaera egiteko. Esango nuke ez zela batere erraza izan, batez ere Ibrahimarentzat. Urtebete iraun zuen dossierrarenak, eta ondoren urte askotako abentura batera eraman gaitu horrek. Ate asko ireki dira, eta espero ez genituen adar asko eduki ditu. Dena den, lehenengo urtea ez zen erraza izan. Ibrahimarentzat ez zen erraza izan bizitakoa kontatzea, ezta niri hori kontatzea ere. Batzuetan errudun sentitzen nintzen, balioko zuela uste nuelako, baina ez ginen horretaz seguru. Berarentzat kontatzea gogoratzea zen, eta gogoratzea hura berriz ere bizitzea zen. Batzuetan nire buruari esaten nion, «hementxe utziko dugu, ez du merezi». Momentu horietan Ibrahimak beti eduki zuen indarra aurrera segitzeko, baina egia da egun batzuetan errudun sentitzen nintzela egiten ari nintzenarekin ez nekielako nora eramango ninduen. Orain, bost urte geroago errazagoa da honi buruz hitz egitea. Niretzat arlo morala izan zen zaila, Ibrahimarentzat emozionala.
Dagoeneko 23 edizio ditu liburuak. Transzendentzia handia izaten ari da. Zertarako balio du horrek?
BALDE: Ni orain konturatu naiz hemengo jendeak ez dakiela zer gertatzen ari den haien etxearen atzean. Horren berririk ez nuen orain arte. Baten batek badaki zer ari den gertatzen, baina gehienek ez. Jendea haien etxeko sarrerako atea ireki eta atera egiten da. Baina ez daki bere etxearen atzean zer gertatzen ari den. Nik uste dut gehienek gauza asko ulertu dituztela, adibidez, nor garen gu, zuen etxe atzean bizi garen horiek.
ARZALLUS: Bost urte geroago esan dezaket imajina genezakeen baino jende gehiagorengana iritsi dela Miñan. Aurretik ez nuen inoiz libururik publikatu, fotokazetaritzako bat izan ezik, eta ez nekien zein izango zen liburuaren oihartzuna. Inondik inora ez nuen imajinatuko gertatu den guztia, itzulpenak, antzerkia, euskarazko liburuaren 23 edizioak… Ez nuke sinetsiko. Nik uste liburuak balio izan duela ni neu gai honen gainean aberasteko, gehiago ulertzeko. Jende asko gerturatu zait eskerrak ematera. Balio izan badu norbaitek begirada pixka bat alda dezan, edo baten bati balio izan badio gaia testuinguratzeko edo zalantza eta aurreiritzi batzuk kentzeko, merezi izan du. Egindako lanagatik lasai eta kontent nago, humanizatzeko, pedagogia egiteko eta kontzientzian eragiteko balio duelako, nahiz eta kontra eskola askoz ere indartsuagoa izan. Baina hori da egin dezakeguna, eta egin egin behar dugu.
Ibrahima, Ametsek beti nabarmendu izan du zure gaitasun narratiboa. Bigarren libururik idaztea pentsatu duzue?
BALDE: [Barre egin du]. Nire anaiari galdetu ea beste liburu bat idazteko gai den. Nik ez dut inoiz libururik idatzi, nik nire bizitzan gertatutakoa esplikatu dut. Idaztearena Ametsen kontua da, ni mekanikoa naiz.
ARZALLUS: Sarritan galdetu izan didate. Nire bizitza bertsoaren eta inprobisazioaren bueltan dabil, eta liburu hau salbuespen bat izan da, gainera, espero ez nuena. Egiari zor, asko aberastu nau, eta pentsatzeko asko eman dit. Ibrahima Europara iritsi eta handik hilabete batera ezagutu ginen. Bada, konturatu nintzen ez nuela ezagutzen migrantearen odisea Europan egoera erregularizatzen saiatzen izena izan zezakeen liburua. Hitz egin dugu zer den Afrika gurutzatzeaz, pertsonak merkantzia gisa tratatzeaz, baina Ibrahima Europara iritsi zenetik, azken bost urteetan ikusi dut beste liburu bat hasi zela.
Kaleko Afari Solidarioen manifestazioan izan gara [igandean egin zen elkarrizketa hau], eta sor daitezkeen eztabaida guztietan aurreiritzi asko daude. Ez dugu ezagutzen egoera irregularrean bizi direnen errealitatea. Ibrahimari ukatu egin zioten asiloa, eta lau urte pasa ditu egoera irregularrean. Iaz, errotze soziala eman zioten, baina odisea burokratiko legal guztiaren ondoren. Beste liburu bat hasi zen hortxe, sistemak idatzitakoa. Sistemak akitu egiten zaitu. Bizitza honen bigarren partea kontatzeak balioko du migrantearen sufrimendua eta odisea ez direla bukatzen itsasoa zeharkatzean azaltzeko. Beste bizitza bat hasiko dute, diferentea, baina psikologikoki, emozionalki eta ekonomikoki oso zaila. Askotan esaten da migrantea sistemaz probestera etortzen dela, baina nik ikusi izan ahal dudanagatik, eta probak ditut, sistema bai aprobetxatzen dela migranteaz ahal duen modu guztietan, baita ekonomikoki ere.
Italiara joan zineten. Zer moduzko harrera izan du liburuak?
BALDE: Oso ona. Bigarren aldia zen Italiara joaten nintzena. Lehenengoa Aita Santuaren gonbidapena jaso nuenekoa izan zen, eta hark egindakoa asko eskertu zigun. Berak ere ez zekien bere etxe atzean hau gertatzen ari zenik, Libiak eta Italiak itsaso bera partekatzen baitute. Esperientzia berria izan zen niretzat Aita Santuaren aurrera joatea, eta Italiako telebistan agertzea, migrantea naizelako. Duela lau urte preso izateari utzi nion, eta orain oinez ari naiz. Esperientzia berriak bizitzen ari naiz. Fabio Fazio kazetari ezagunak elkarrizketatu gintuen Che tempo che fa programan, eta oso ongi joan zen. Errespetu asko izan zuten eta niretzat zarena errespetatzea oso inportantea da. Inor ez dago derrigortuta inor maitatzera, baina bai errespetatzera. Denek merezi dugu errespetua, eta horretara derrigortuta gaude.
Gineara itzultzeko aukera izan duzu.
BALDE: Bai, pasa den urtean itzuli nintzen. Bi hilabetez izan nintzen bertan, hainbat dokumentu berritu behar nituelako, bestela ezingo nintzen berriro Gineara itzuli, eta uste dut Ametsek energia asko gastatu duela zerbait lortzeko. Paperak berritu behar nituen eta bi urterako eman dizkidate. Ea hurrengoan bost urtetarako ematen dizkidaten.
Bestalde, edozeren gainetik maite ditudan amarekin eta anaiekin izan nintzen. Asko poztu nintzen haiekin berriz ere izan nintzelako. Nire herriraino joan nintzen, eta nire familiaren beharrak zeintzuk ziren ikusi nuen. Iraganean pentsatzen jartzen naizenean ezin diot dena kontatu amari. Gauza batzuk kontatzen dizkiot, eta beste batzuk niretzako gordetzen ditut. Berak, nik bezala, ez dit dena kontatzen. Beti elkar babesten gabiltza.
Miñan antzerkia dagoeneko Euskal Herriko oholtzetara iristen ari da. Zer du antzerkiak, liburuak ez duenik?
BALDE: Gidabaimena ateratzen duzunean bi parte gainditu behar dituzu, teorikoa eta praktikoa. Liburuan parte teorikoa irakurtzen ari zara, baina praktika antzerkian ikus dezakezu. Antzerkiaren zati bat ikusi dut, eta nire bizitza, nire benetako bizitza da ikusi dudana. Mundu zabal honetan badago norbait oraintxe bertan nik pasatakoa edo gehiago bizitzen ari dena. Ezin ditut gauza horiek aldatu. Oso gauza konplexuak dira azaldu ahal izateko.
ARZALLUS: Argitaratu aurretik saiatu nintzen liburu guztia Ibrahimari irakurtzen, baina erdira arte iritsi ginen. Zaila da bearentzat, distantzia hartu behar du bere burua zaindu ahal izateko. Obra ikusteko aukera eduki dut, baina Ibrahimak bukaera bakarrik ikusi du.
Irundik Hendaiara arteko bidea egin zenuenean poliziarekin egin zenuen topo. Oraindik hainbat migrantek haiekin egiten dute topo. Bidasoko zubietako politika arrazisten jarraipena egiten duzu?
BALDE: Bai, Irungo Harrera Sarearekin harreman handia dut, asko errespetatu eta maite naute. Nik haiek ere asko maite ditut, asko zaindu nautelako. Kontatzen didate zertan ari diren, edota laguntza emateko zein zailtasun dituzten.
Era berean, migranteek dituzten zailtasunak ezagutzen ditut, nahiz eta egoera irregularretik atera ni neu oraindik migrantea bainaiz. Hemen dokumentuak garrantzitsuagoak dira gizakia baino. Irundik Hendaiara zubi luze hori gauez igarotzen duzunean, poliziak ez zaitu jotzen edo iraintzen. Komisariara eramaten zaituzte, kamerak dituztelako leku guztietan. Santiago zubian ezkuta zaitezke, baina beti ikusten dute nor ari den gurutzatzen [barre egiten du].
ARZALLUS: Ibrahimak Marokoko polizia eta beste leku batzuetakoak ezagutu ditu. Harritzen da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugako poliziak bakezaleak omen direlako.
BALDE: Nik hemen geratzea erabaki nuen eta Amets agertu zen. Orain oso kontent nago, osasun onarekin, lo egiteko lekuarekin, lanarekin… Nire bizitza aurrera ateratzen saiatzen ari naiz inor molestatu gabe. Niretzat ardura bat da ez egotea inoren esperoan. Ez dut nahi inor nire buruari eta sabelari hazka egiten aritzea, bestela, zer egingo dut nire eskuekin? Zerbaiti hazka egin beharko diot, ezta? Bizitza horrelakoa da, borrokatu behar da.