Musika, garunaren gasolina
Hilaren 4an hasiko dute hondarribiarrek Xabier Lizasok sortutako osasun programa. Do Re Ni metodologian oinarritutako saioak izango dira, eta kognizio gainbehera prebenitzea dute helburu.
Egun inork ez du ezbaian jartzen gorputz osasuntsu bat izateko hura zaintzea eta jarduera fisikoa egitea ezinbestekoak direla. Bada, horren hedatuta ez dagoen arren, berdina gertatzen da buruko osasunarekin; garuna osasuntsu mantentzeko egunero zaindu eta entrenatu egin behar da. Hori da hain zuzen Xabier Lizaso Loidi musikari eta ikerlari oriotarrak aldarrikatzen duena. Duela urtebete hasi zen Do Re Ni metodoan oinarritutako osasun saioak eskaintzen —Irunen eta Tolosan aritzen da—, eta garuna estimulatzearen garrantziari buruzko dibulgazio lana egiten. Hondarribian ere landatu du lehen hazia. Urriaren 22an egin zuen 2019an burutu zuen ikerketaren ondorioak eta Do Re Ni metodoaren onurak gizarteratzeko aurkezpena, Kultur Etxean, eta hilaren 4an emango du metodo hori oinarri izango duen lehen osasun saioa. 65 urtetik gora dituzten 20 lagunez osatutako taldea izango du abiapuntu, eta 45 astelehenetan elkartuko dira.
Piano jotzailea eta hogei urtez Donostiako eta Orioko kontserbatorioetan musika irakaslea izan da Lizaso. Irakasle gisa musikaren beste alderdi bat ezagutzeko aukera izan zuen, eta haren ikasleekin bizitako «esperientzia harrigarriek» mugituta, musikak pertsonengan izan zezakeen eragin positiboaren inguruko jakin-mina piztu zitzaion. Ikerketa zientifikoak bata bestearen atzetik irakurtzen hasi, eta horiek irakasle bezala bizitako esperientziak berresten zituztela konturatu zen. Garunaren plastikotasunean interes berezia jarri zuen orduan, eta inguruko zenbait ikerlarirekin haren ideiak elkarbanatzen hasi zen.
Ikerketak irakurtzeari eta ideien elkartruke horri esker garunaren funtzionamendua ulertzera heldu zen musikaria. Guztiaren abiapuntua erresonantzia magnetikoen sorreran dagoela azaldu du. «Gaur egun ospitale guztietan erresonantzia magnetikoak egiten dituzten arren oso teknika berria da. Duela hogeita hamar bat urte hasi ziren hura erabiltzen, eta hari esker azken laurehun urteetan eraikitako neurozientzia guztia erori egin zen». Ikerlariek eta medikuek aurreneko aldiz bizirik zegoen garun batek nola lan egiten zuen ikustea ahalbidetu zuen horrek, eta «zeharo harrituta» geratu ziren. «Urte askotan entzun izan da garunaren %10a bakarrik erabiltzen dugula. Bada ez da egia. Horrelako mitoak erori egin dira. Garun osoa erabiltzen dugula egiaztatu dute. Ekintza baterako garunaren zati bat erabiltzen dugu, eta beste ekintza bat egiteko beste bat». Hiru egoeratan, ordea, ia garun osoa aldi berean martxan jartzen dela ikusi zuten ikerlariek: lo gaudenean, esna gaudenean baina begiak itxita ditugunean, eta musika egitean —ez musika entzutean—. «Musikatik irabazitako hori beste edozer gauza egiteko erabilgarria da; hau da, musika gimnasiora joatearekin alderatzen dut. Gasolina da garunarentzat».
Informazio hori izanda esperimentu asko egin dira musikak dituen onurak egiaztatzeko. 2002 eta 2003 urte artean, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) psikiatria federazioak musika akademikoki lagungarria izan zitekeen ala ez baieztatzeko ikerketa erraldoi bat abiatu zuen. 112.000 ikasleren nota akademikoak aztertu, eta bi multzotan sailkatu zituzten ikasle horiek: musika egiten zutenak —astean zehar gutxienez bi ordu eta erdiko lana egiten zutenak—, eta egiten ez zutenak –musika gutxi edo deus ere egiten ez zutenak—. Lehen multzoko ikasleek, nahiz eta ikasteko denbora gutxiago izan, orokorrean, nota hobeak zituztela egiaztatu zuen ikerketak, eta lehen hezkuntzako 4. mailara arte musika egiten aritu ziren ikasle horiek, gainera, ikasketetan urtebete aurreratuago zeudela ondorioztatu zuen.
Musikak duen garrantzia nora arte doan ulertzeko beste adibide bat ezarri du Lizasok. «Gipuzkoan pertsona asko dira alzheimerra bezalako gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenak, eta horien egoera oso aurreratua denean ia gogoan duten bakarra umetan ikasitako kantak izaten dira. Do Re Ni proiektua aurkezten ari nintzen batean entzule batek partekatu zuen alzheimer gaixotasuna oso aurreratua zuen izeba bat zuela, eta kantatzen hasten zirenean aurpegia zeharo aldatu, gorputza tente jarri eta haiekin batera abestera batzen zela, eta kanta bukatzerakoan, berriz ere itzali egiten zela nolabait».
Musika, beraz, espresio artistiko bat izateaz gain, hori ere badela aldarrikatzen du Lizasok: «Orain arte musika gauza oso atsegina, artistikoa eta polita bezala ikusi dugu. Baina erresonantzia magnetikoak erakutsi digu musika hori baino askoz ere gehiago dela».
Ikerketa zientifikoa
2016an Osakidetzako osasun departamentuko buruaren deia jaso zuen oriotarrak, Jose Manuel Lopez Bragadorena. «Ez nuen ezagutzen, baina nirekin bildu nahi zuela esan zidan. Flipatuta nengoen». Interneten Lizasoren lana ikusi eta AEBn egin zuten antzeko ikerketa bat egin nahi zuela esan zion Lopezek. Handik urte batzuetara, 2019an, Garikoitz Agotek, Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendari zenak hots egin zion, eta hark ere Do Re Ni metodoarekiko interesa zuela esan zion. «Gipuzkoan dugun gastu sozioekonomikoa mantengaitza zela onartu zidan. Aldundiak bere aurrekontu orokorretik erdia baino gehiago bideratzen du dagoeneko gaixo dauden pertsonak artatzera, prebentzioan gastatu ordez», aitortu zion. Metodoan inbertitzen hasteko eta prebentzioan lehen urratsak egiteko ikerketa zientifiko baten beharra zegoela azaldu zion, eta hura egitera bultzatu zuen.
Lopez Bragado psikiatrarekin harremanetan jarri eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak lortu ondoren abiatu zuen ikerketa. «2019an hasi ginen ikerketa antolatzen eta bost fase izan zituen. Aurrena ikerketa diseinatu genuen, ondoren boluntarioak lortu genituen, estimulazio saioak egin, neurketak egin, eta azkenik, txostena garatu genuen. Noski, ez genekien pandemia zetorrenik», kontatu du emozioz. Ikerketak harro egoteko emaitzak ekarri baitzituen. Hasieran sei hilabeteko iraupena izan behar zuten estimulazio saioak, COVID-19aren ondorioz, bost aste iraun zituen, eta hori gutxi balitz, ikerlari batek Lizasoren usteak baieztatu zituen: ikerketaren diseinua gaizki eginda zegoen. «60 urtetik gorako pertsonekin lan egiteko prest genuen guztia, baina susmoa nuen zerbait gaizki egiten ari ginela. Beste ikerlari bati iritzia eskatu nion, eta 70 urteen bueltako pertsonak neurologikoki oso gazteak zirela azaldu zidan; izan ere, garuna Internet sarea adinako hiru dela kalkulatzen dute. Guztira 86 bilioi neurona ditugu, labirinto bat da, eta beraz, emaitzetan arrasto positibo bat bilatzea oso zaila egingo zitzaigula esan zidan: zehazki Donostian orratz bat bilatzea bezalakoa izango zela». Hala eta guztiz ere, ikerketarekin jarraitzea erabaki zuten, eta beren sorpresarako emaitza harrigarriak izan zituzten. «Estimulazioaren aurretik eta ondoren test batzuk egin genizkien, ondoren alderatu ahal izateko, eta ikerketan parte hartu zuten pertsona guztiak osasuntsu zeuden arren hamabi pertsonarengan onura kognitiboak azaldu ziren. Horiek zirelako halako gaixotasun bat izatetik gertuen zeudenak». Ikerketak beren teoria guztiak baieztatu zituen.
Osasun programa
Alzheimerra bezalako gaitz neurologikoak lehen sintomak agertu baino 15-20 urte lehenago hasten dira garatzen; hau da, 65 urteren bueltan. Horrek bere alde onak eta txarrak dituela azaldu du metodo berritzailearen sortzaileak: «Lehen sintomak azaltzen direnean garuneko estimulazioaren bidez gainbehera moteltzea posible da, baina berandu izaten da gaitza gainditzeko». Hori dela eta, jarduera fisikoa adin guztietako pertsonek egiten duten bezala, musika egiten den-denek jardun beharko luketela ziurtatu du, eta «zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto». Oriotarrak, gainera, erretiroa hartzeak garunarentzat dakarren arriskuaz ohartarazi du. «Garuna organo biologiko bat da, eta jendeak erretiroa hartzen duenean, asko eta asko, mentalki erlaxatu egiten dira eta garunak bere martxa jarraitzen ez badu…». Garunak lana behar duela ziurra da, eta gero eta lan gehiago eman behar diogula gaineratu du, «heldutan gauzak ikastea zailagoa izaten delako».
Baina zailagoa izanagatik ere ez da ezinezkoa. Errepikapenaren bidez garuna estimulatzea lortzen dute partaideek, emaitza bikainekin. Horrek konfiantza hartzen eta egunerokoan gehiago disfrutatzen ahalbidetzen die. «70 urterekin ere ikastea posible dela ikusten dute. Orduan askok gustukoak dituzten beste gauza batzuk ikasteari ekiten diote, eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen du horrek».
Hilaren 4an hasiko da Lizaso osasun programan izena eman dutenekin lanketa egiten. Neurogaitzei aurre egiteko eta gainbehera kognitiboa moteltzeko edo guztiz baztertzeko lehen urratsak emango dituzte hogei hondarribiarrek. Saioak astelehenetan izango dira, eta bi orduz —12:00etatik 13:30era— garunarentzat konplikatuak diren ariketak egingo dituzte. Hori bai, astean zehar ere, nork bere etxean, lanean jarraitu beharko duela zehaztu du ikerlariak. «Astean behin egiten duzue lo? Edo astean behin jaten duzue? Hori galdetu nien Hondarribian egin nuen aurkezpenera bertaratu zirenei. Egunerokotasunean lanketa egiten ez bada ez du ezertarako balio», azaldu du. Konstantzia eta diziplina izan behar direla adierazi du ikerlariak, ariketak egiteari uzten zaionean pixkanaka onurak galtzen joaten baitira: «Kirolari batek entrenatzeari uzten dionean forma galtzen du». Horregatik, saio horietan gustura jarduteko eta motibazioa pizteko erronkak ezarriko dizkie partaideei.
Historia errepikatzeko beldurra
Lizaso oso kontent irten zen Hondarribian egindako aurkezpenetik, jendeak arreta bereziarekin kasu egin ziola sentitu baitzuen. Hizketaldia Nikolas Koperniko astronomoaz eta hark aldarrikatu zuen heliozentrismoaz hitz eginez hasi zuen, hein batean, historia errepikatzea ekiditeko esperantza duelako. «Kopernikok beldur handiz aldarrikatu zuen, bere bizitzaren bukaeran badaezpada, lurra planetak eguzkiari buelta ematen ziola. Ordura arte eguzkia gure planetaren inguruan biraka zebilela uste baitzen. Hala ere, Antzinako Greziako zibilizazioaren garaietan hori esaten zuten jada, baina hemezortzi mende pasa behar izan ziren Kopernikok teoria hori berriz mahai gainean jarri zuen arte».
Heliozentrismoaren teoriarekin gertatu zen bezala, penizilinarekin ere antzeko zerbait gertatu zela kontatu du etsipenez. «Penizilina gaur egungo antibiotikoa da, eta XIX. mendean deskubritu zen kasualitatez. Aldizkari zientifiko batean argitaratu, eta ia beti gertatzen den bezala, tiradera batean gertatu zen. Handik 75 urtera [Alexander] Flemingek Londresen kasualitatez penizilina deskubritu, eta infekzioak sendatzeko gai zela ikusi zuen. Deskubrimendua aldarrikatzen hamar urte pasa zituen. Inork ez zion kasurik egin: ez medikuek, ez zientifikoek… inork ez, eta azkenean nazkatu egin zen. Baina eskerrak lan hori egin zuen, Ingalaterrako zientifiko batzuk lekukoa hartu eta Bigarren Mundu Gerran penizilina pilaka egitea lortu zutela. Gerra bukatzean Nobel saria jaso zuten arren, industria farmazeutikoak baztertu egin zuen, batek izan ezik: Astra Zenecak». Haiei esker dugu, beraz, egun hain garrantzitsua den antibiotikoa. Azalpen horien ondoren zailena zer den argi dago: gizartearen onarpena izatea da gainditu beharreko hesirik altuena.