Frantziak Schengen kodea urratzea salatu dute EH Bilduk eta EH Baik
Santiago zubian egindako elkarretaratzean bildu ziren eta Europar Batzordeari praktika hau legala den ala ez ikertzeko eskaera egin dutela azaldu du Pernando Barrena eurodiputatu abertzaleak.
EH Bilduk eta EH Baik deituta elkarretaratzea egin zuten atzo Santiago zubian. Izan ere, gaurtik aurrera gutxienez sei hilabetez polizia frantsesak kontrol arrazistak indartuko ditu.
“Mugen berrezartzeak Bidasoa Europar Batasuneko kanpo muga bihurtzen du hemendik pasatzen diren migranteentzat. Hori gertatu zen azkeneko aldian 10 pertsonen bizitzaren galera izan genuen” azaldu du Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak. Gaineratu du ikustekoa dela ea Bidasoko zubiren bat “libre” utziko duten,
Mugak ixtearen neurriaren ondorioak mahai gaineratu ditu Barrenak eta dagoeneko bederatzi pertsona hil direla kontrol horiengatik salatu du. Bidasoarren bizitzak “aztoratu” egingo direla kontrol horiekin ere azaldu du.
Schengen kodea urratzea egotzi diote Frantziako estatuari eta zirkulazio librerako eskubidea aldarrikatu dute. “Gure aldetik, Europar Batzordeari eskatu egin diogu argitzeko ea Frantziak egiten duen praktika hori legala den ala ez, ea ez ote den Schengengo Akordioaren kontrako praktika bat guk pentsatzen dugun bezala, eta oraingoz erantzunaren zain gaude” esan du Barrenak.