"Espero gabeko erantzunak ematen ditu fisika kuantikoak"
'Argi ibili kuantikarekin' lanari esker CAF-Elhuyar saria jaso du irundarrak, doktore-tesien artikuluen atalekoa. Fisika kuantikoa jendartera zabaltzea izan du asmo.
CAF-Elhuyar saria jaso berri du fisikan doktore den Babazek. Hain zuzen, doktore-tesietarako artikuluen kategoriako saria poltsikoratu du Argi ibili kuantikarekin lanari esker. Fisika kuantikoa publiko orokorrari gerturatzea izan du xede. Epaimahaiarentzat «argia eta irakurterraza» da testua.
Fisikan doktorea zara. Zein da zure ikerketa esparrua?
Duela bi urte bukatu nuen doktoretza, eta nire ikerketa esparrua argiaren eta materiaren arteko elkar ekintza aztertzea da. Ordenagailu bidez simulazioak egiten ditugu nanoeskalako egiturak aztertu ahal izateko. Hau da, argia bidaltzean zenbat argi xurgatzen duen, zenbat errebotatzen den eta horrelako simulazioak egiten ditugu. Elkar ekintza horietan gertatzen diren efektu kuantikoak aztertzen ditut.
Taldean aritzen zarete ikertzen?
Badira gauza batzuk banaka egiten ditugunak, adibidez, ikerketa lerro espezifikoak. Norbaiti okurritzen baldin bazaio lerro espezifiko bat, horri ekiten dio bere kabuz. Beste hainbat gauza, berriz, taldean egiten ditugu. Taldean egon daiteke beste zerbaitetan ni baino adituago den norbait, eta orduan, horri laguntza eskatzen diogu. Bestalde, nazioarteko talde esperimental batek egin ditzake bere laborategietan esperimentuak, eta esperimentu horiek ulertzen laguntzeko edo oinarri teoriko bat emateko haien esperimentuei, batzuetan gure taldearekin jartzen dira harremanetan. Orduan, gu oinarri teoriko hori azaltzen saiatzen gara.
Argi ibili kuantikarekin dibulgazio artikulua zure ikerketaren parte da, baina artikulua egokitu egin duzu errazago ulertzeko. Nondik dator asmo hau?
Bai, irabazitako sarian aurkeztutako artikulua nire tesian oinarrituta dago. Egokitu egin nuen, aukera polita iruditu zitzaidalako tesia familia eta lagunei, nahiz publiko orokorrari azaltzeko. Zaila egiten zitzaidan nire ikerketa azaltzea, eta maila pixka bat jaitsita sari hau aukera ona iruditu zitzaidan publiko orokorrarengana iristeko. Gero, egia esan, baten batek esan dit ez duela testua ulertu, eta beraz, helburua ez dut guztiz bete. Zientzia gizarteratzea garrantzitsua da, eta nire esparruan gizarteratzea niri dagokit.
Argi ibili kuantikarekin artikuluan zer da jorratu duzuna?
Lehenik eta behin, izenburua hitz joko bat da, tesian argiaren eta materiaren arteko elkar ekintzan sortzen diren efektu kuantikoak aztertzen ditudalako. Horregatik jarri diot Argi ibili kuantikarekin izenburua, askotan kuantikak ematen dizkigulako espero gabeko erantzunak.
Testuaren sarreran azaldu dudana izan da gure mundu makroskopikoan gertatzen dena. Adibidez, urreak, edo urrezko eraztunek, hori kolore modukoa dute, distiratsuak dira. Baina hori ez da egia. Urrearen partikulek ez dute kolore hori, eta txiki-txiki egiten baditugu eta eskala nanometrikora eramaten baditugu, urre koloreak ja ez du guk ikusten dugun kolore hori. Alegia, gorria edota berdea izan daiteke, partikularen formaren eta tamainaren arabera. Horrela hasten da artikulua. Kolorearena ez da efektu kuantiko bat, efektu klasiko bat da, optikarekin zerikusia duena.
Sarrera honen ondoren, ikertu ditudan bi efektu kuantikoak aztertzen hasten naiz. Batetik, nanopartikula bat molekula baten ondoan dagoenean, eta argi gorria bidaltzen badiot laser batekin, posible du sistemak argi urdina bidali. Efektu kuantiko bat litzateke hori. Beste efektu bat da nanopartikulak osatzen dituzten elektroiek salto egin dezaketela beste nanopartikula batera, kontaktu fisikorik gabe. Hori ere fisika klasikotik ezin da azaldu, eta horretarako fisika kuantikoa behar dugu.
Hiztegia egokitu, kontzeptuak azaldu… Zein zailtasun izan dituzu artikulu hori idazterakoan?
Gaiari buruz ezer ez dakien norbaiti zerbait azaltzea ez da erraza. Izan ere, fisika kuantikoa bera fisika dakigunentzat ere ez da erraza. Orduan, askotan espero ez ditugun emaitzak ematen ditu fisika kuantikoak. Eguneroko bizitzan fisika kuantikoaren arrastorik ez dugu ikusten. Ohituta gaude gure eguneroko mundu honetan fisika klasikoko legeak betetzera, eta saiatu naiz dena azaltzen nik neuk ulertzen dudan moduan, baina inolako ekuaziorik erabili gabe, matematikarik erabili gabe. Hitzekin azaltzen saiatu naizena izan da, bi edo hiru detaileren bidez, fisika kuantikoaren eragina.