Zaintza lanez gogoeta egiteko saioa, Emakumeen Etxean
Irungo Udalak zaintza lanei buruzko diagnostiko bat egin du eta ateratako ondorioak publiko egingo dituzte. Azaroaren 5ean izango da.
Azaroaren 5ean, astelehena, gogoeta egiteko jardunaldi bat prestatu dute Irungo Emakumeen Etxean. Saio horretan zaintza lanak Irunen izango dituzte hizpide, eta ekimen hau udaleko Berdintasun eta LGBT+ Aniztasun Zerbitzuak hainbat gizarte eragilerekin elkarlanean hiriko zaintza lanei buruz egindako diagnostikotik sortutakoa da.
Saio horretan diagnostiko horretako ondorioen berri emango dute, eta bertaratzen direnek horien gainean hausnartzeko aukera izango dute. Diagnostiko hau hiriko hainbat gizarte eragileekin elkarlanean egin dute eta hiru esparru dira aztertutakoak: haur eta nerabeekin lan egiten dutenak, adinekoekin lan egiten dutenak eta desgaitasunen bat duten edota mendetasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten dutenak.
Zeharkako genero ikuspegia txertatu diote diagnostikoari, eta partaidetza prozesu bidez osatu dute. Datorren asteko saioa diagnostikoa zabaltzeko ez ezik, herritarren ekarpen berriak jasotzeko baliatu nahi dute.