Mugikortasun jasangarria sustatzeko kanpaina jarri dute martxan
Bereziki gazteei zuzendutako kanpaina da, 'Zure txanda da. Mugitu etorkizunerantz' lelopean. Bestalde, Irunbusen erabiltzaileak %8 hazi dira.
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrak mugikortasun jasangarriaren onuren bueltan sentsibilizatzeko kanpaina jarri du martxan udalak. Leloa, Zure txanda da. Mugitu etorkizunerantz izango da, hala adierazi du gaur kanpainaren aurkezpenean Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak.
Gazteei begirako kanpaina da nagusiki eta mezua zabaltzeko mugikortasun jasangarriaren onurez hausnartzera gonbidatu dituzte pieza orokor batekin. Mezu horretan pentsakor dagoen gazte bat ageri da eta inguruan askotariko garraiobideen irudiak, hala nola, autobusa, autoa, bizikleta edota trena. Udalak erabiltzen dituen euskarrietan egongo da ikusgai.
Pieza hori oinarri hartuta, pieza zehatzak sortu dituzte eta horietan Irungo Udalak hirian mugikortasun jasangarriaren alde hartu dituen neurriak aletuko dituzte, adibidez, 13 kilometro inguruko bidegorri baten sorrera.
Bestalde, hiriko zirkulazio handiko hamar lekutan biniloak jarri dituzte lurrean, garraio jasangarriaren onura bana azaltzeko. Onura horiek azken urteetan Irunen egin diren hobekuntzak eta mugikortasun jasangarriak jendearen osasunean duen zuzeneko eragina erakusteko baliatuko dituzte.
Garraio publikoa eta autobusak
Aurtengo urtarriletik irailera Irunbusen erabiltzaile kopurua %8 hazi da aurreko urtearekin alderatuta. Bestalde, autobus guztiak elektrikoak izan daitezen prozesua martxan dauka udalak, eta dagoeneko lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren lineetako flotak elektrikoak dira. Etorkizuneko bosgarren linearako (Elitxu, Mendibil eta Ficoba) ere autobus elektrikoa erosia du udalak.