Liderrak jasoko ditu etxean Zaisa Txingudik
Uni Bilbo C taldearen aurka arituko dira etxeko zelaian, bihar. 16 urtez eta 18 urtez azpikoek ere lehia izango dute asteburuan.
Aste honetako jardunaldia bihar jokatuko dute Zaisa Txingudiko mutilek, eta Uni Bilbo C ligako liderraren aurka arituko dira Plaiaundin, 16:00etan. Orain artean jokatu dituzten hiru partidak bilbotarrek irabazi dituzte eta irabaztearen erronka daukate aurretik Iñigo Camareroren mutilek.
Liga ez dute mailarik onenean hasi Bidasokoek. Izan ere, partidak luzeegiak egiten zaizkie, baina taldeak gero eta konfiantza handiagoa dauka eta bizkaitarrek punturik eskura ez dezaten saiatuko dira. Nabarmendu egin dute Odei Alonso aurrelaria bueltan izango dela, lesio batengatik urtebete baino gehiago jokatu ezinik egon ondoren.
16 urtez azpikoak
Txingudi-Baztan 16 urtez azpiko taldeak ere Uni Bilboren aurka jokatuko du bihar, baina Bilboko zelaian, 11:00etan. Taldeak txukun hasi du denboraldia, orain arte jokatutako bi partidak irabazi ondoren. Bederatzi puntu dituzte eta Uni Bilborekin berdintuta daude. Sailkapenean puntu partekatuak ez izateko erabakigarria izango da biharko partida.
18 urtez azpikoak
Txingudi-Bera Bera-Baztan taldeak larunbatean jokatuko du Donostiako Kote Olaizola estadioan eta Uribealdea Urduliz taldea izango dute aurkari. Peio Castellanoren taldeak liga “modu kaxkarrean” hasi du, bi partida galdu baitituzte eta asteburu honetan lehia gogorra izango dute. Izan ere, bizkaitarrak liderrak dira ligan.
Dena den, joan den denboraldian egoera berdintsuan zeuden bi taldeak elkarrekin jokatu zutenean, eta garaipena Plaiaundira joan zen. Emaitza berdina lortzeko helburuz, gogor aritu dira lanean bidasoarrak.