Blaganen mikroipuin lehiaketak baditu irabazleak
Gau beltzaren atarian banatu dituzte lehiaketaren hirugarren edizioko sariak. Liburutegiko aretoa bete-beteta inoizko parte hartzerik eta kalitaterik handiena izan duen lehiaketako ipuinak irakurri dituzte.
Gaur arratsaldean banatu dituzte Blagan elkarteak Gau Beltzaren haitzakian hirugarrenez antolatu duen mikroipuin lehiaketako sariak. Hondarribiko Udal Liburutegian izan da hitzordua eta lehiaketak udalaren laguntza jasotzen du.
Poliki-poliki bete da liburutegiko aurkezpen aretoa; beldurra pasatzeko prest agertu dira haur, gazte eta helduak. Argi guztiak itzalita zuri koloreko kandelek hautsi dute gau beltzaren aurreko iluntasuna. Guztiek eserlekua hartu eta berehala eman diote hasiera ekitaldiari.
Blagan elkarteko kideak “oso pozik” eta “eskertuta” agertu dira. Izan ere, parte hartzaile kopurua urtez urte handitzen doala azaldu dute, eta baita kalitatea ere. Epaimahaiak, beraz, lan handia egin behar izan du saridunak izendatzeko. Guztira 57 lan aurkeztu dituzte: gazteen kategorian 29 eta helduen kategorian 28. Iaz baino 19 gehiago izan dira. Epaimahaiari dagokionez Ainara Elizondok, Gorka Bereziartuak eta Kote Gebarak osatu dute.
Sarreraren ondoren Joxemari Carrere ipuin kontalariari eman dio hitza Blagan elkarteko kideak eta Carrerek bizpahiru ipuin beldurgarri kontatu ditu, baten batek gaur gauean gogoratuko dituenak. Segidan sariak banatzeari ekin diote.
Aurten laztan hitzaren inguruko ipuina idatzi behar zuten parte hartzaileek. Haur eta gazteen kategorian bigarren saria jaso du Jose Manuel Salgadoren Azken taupadak lanak. Lehen saria Gari Iraola lasartearrarentzat izan da Zain lanagatik. Helduen kategorian bigarren saria Ainhoa Aranburu hondarribiarrak jaso du, Laztan lanarekin. Eta lehen saria Ibai Zulaika berangoarrak jaso du Marisorgin lanagatik. Saria jasotzera irten direnean egile bakoitzak bere ipuina irakurri du. Eroskiko produktuen saski bat (bigarren saria) eta 350 euro (lehen saria) jaso dituzte sarituek.
Ondoren, zozketaren irabazleak izendatu dituzte: Gazteen kategorian Conor Fernandezek eta Libe Zuzaiak Garuan bi pertsonentzako gosari bana jaso dute eta helduen kategorian Borxa Encinasek Higer beer saskitxo bat jaso du eta Ekhiñe Roigek Garuan bi pertsonentzako gosari baten saria.