Azaroaren 25ari begira egitarau zabala prestatu du Emekik
Aurten hilabete osoan zehar antolatu dituzte jarduerak, Hondarribiko Udalaren eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Urtero bezala azaroaren 25ari begira, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Emeki elkarteak, beti ere herriko eragileekin elkarlanean. “Gaur egun oraindik gure gizartean emakumeok emakume izateagatik baztertuak eta diskriminatuak izaten jarraitzen dugu, gure errealitatearen parte da hori, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu biktimei babesa ematea; izan ere, frogatuta dago emakume askok ez dute salatzen egoera ez dutelako babesik. Bakarrik geratzen dira egoeraren aurrean, babes gabe, eta horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu politika sozialagoak eta parekideagoak indarrean jartzea eta horretan jarraituko dugu, Emekitik hori aldarrikatzen eta gure aletxoa jartzen” adierazi du Tamara Sastre Emekiko lehendakariak. Emeki elkarteak zenbait muga dituela aitortu du lehendakariak, baina urtero bezala jarraituko dutela urtean zehar ekintza ezberdinak antolatzen: emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta baita emakumeen autonomia indartzeko.
Gaurko aurkezpenean Josu Peña Gizarte kohesiorako zinegotziak Emekik egiten duen lana balioan jarri du, “ez bakarrik egiten duten lanagatik eta ekintzak proposatzeagatik, baizik eta eragileen arteko saretzean lan handia egiten dutelako eta ezinbestekoa delako” nabarmendu du. Aldi berean, udaletik halako elkarteak eta egitasmoak babesten jarraituko dutela adierazi du: “Emakumeen kontrako indarkeria hor dago, errealitate bat da, eta asko kezkatzen gaitu azken aldian ikusten diren diskurtso erraz eta saltzen diren horiek sare sozialetan eta kalean. Beraz, gero eta argiago dago kalera atera behar dela eta aldaketa azkartu behar dela. Eta ez dela bakarrik egun bateko gauza, baizik egunero lantzen jarraitu behar dugun zerbait dela eta aldaketaren parte izan bagaitezke, ba hor egongo gara”.
Aurten hilabete osoan zehar antolatu dituzte jarduerak, Hondarribiko Udalaren eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
EGITARAUA
Azaroaren 3an (igande honetan) hasiko da lehenengo ekintza: El club de los milagros filmaren proiekzioa. Urtero Emakumearen kontrako indarkeriarekin edo emakumeen nazioarteko egunarekin lotura duten filmak aukeratzen dituzte eta aurten hiru luzemetrai proposatu dituzte, hirurak mezu ezberdinekin. Lehenengo pelikulak 1967 urtean Dublingo emakume talde baten bizimodua azaleratzen du.
Azaroaren 12an Maria Jose Noainek Las mujeres en la historia del arte hitzaldia eskainiko du eta Arantxa Urretabizkaiak haren Hiru mariak liburuari buruzko hitzaldia.
Azaroaren 17an Menudas piezas filma proiektatuko dute. Xakea ardatz gazteen arazoak hizketagai izango dituen filma da, eta xakeak dituen balioak mahaigaineratzen dituena. Hurrengo egunean (azaroak 18) Emakumezkoen VI. Xake Ttopara izango da.
Azaroaren 21ean Esne berriketan Uxue Alberdik egiten ari den lanaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Hondarribiko zenbait emakumeren testigantzak baliatuko ditu eta lana egiteko Emeki elkartearen laguntza jaso du idazleak.
Azaroaren 22an Siempre nos quedará mañana filmaren proiekzioa eskainiko dute. Emakumeen kontrako indarkeria azaleratzen duen filma da.
Azaroaren 23an Bixi-bixi Emakumezkoen Pala Txapelketa azkarraren txanda izango da eta urte osoan zehar Emekik eskaintzen dituen ikastaroetan entrenaturikoa erakutsiko dute parte hartzaileek.
Azaroaren 24an II. Emakumeak Korrika topaketa izango da. Ane Bayoren eskutik astero emakume talde bat elkartzen da astelehen eta asteazkenetan korrika egiteko. Iaz antolatu zuten lehen aldiz eta arrakasta handia izan zuela gogoratu du Sastrek. Gainera, parte hartzea zabala izan zedin korrikako lasterketa bat antolatzeaz gain ibilbidea oinez egiteko aukera zabaldu zuten ere. Aurten egitura berdina izango du.
Eta azkenik, azaroaren 25ean bi hitzordu nabarmendu dituzte: Sare morea ehuntzen topaketak Hondarribiko hiru eskolekin eta M8 asanbladak deitutako elkarretaratzea.
Hitzorduen xehetasunak Agenda atalean.