Gazteak euskaraz aritzeko programa
Hizkuntza asertibitatea, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala garatu dute. Hondarribiko hiru zentroek egin dute bat ekimenarekin.
Hondarribiko hiru hezkuntza zentroetan hizkuntza asertibitatea, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala abiatuko dute. 2023-2024 ikasturtean, proiektu pilotua martxan jarri ondoren, datozen hiru ikasturteetarako kontratua itxi berri dute. Udalak 84.553 euro bideratuko ditu programa horretara.
Hondarribian euskararen erabileraren datuak oso kaskarrak dira. Hala ondorioztatu zuen Soziolinguistika Klusterrak 2021ean: «Nahiz eta euskararen ezagutza %72,5ekoa den, kale erabilera %16,3koa da, eta gutxien erabiltzen dutenak gazteak dira, %9,8ak hitz egiten du soilik euskaraz».
Arazoa ezagututa Talaia eskolako gurasoen elkarteko kideak mobilizatzen hasi ziren, eta udalari zerbait egiteko eskatu zioten. Gainontzeko bi ikastetxeak –Ama Guadalupekoa eta Egiluze– berehala batu ziren proiektura. Hala, udalak lanketarekin hasteko proiektu integralaren diseinua gauzatzea eskatu zuen, kontratazio publikoa atera eta EMUNi esleitu zitzaion zerbitzuaren kudeaketa. Proiektuak hainbat fase izango ditu: entzute fase bat, hausnarketarako beste bat, formaziorako tartea eta baita sormenarentzako ere.
Emaitza positiboak
2023-2024 ikasturtean egin zuten proba pilotua, eta hiru zentroek balorazio positiboa egin dute. Gainera, EMUN elkarteko Ainhoa Lasak lanketa uste baino hobeto doala ziurtatu du gaur goizean egindako aukezpenean: «Eskola denek batera eta denentzako lan egiteko konpromisoa hartu zuten, oso pozik gaude izandako harreragatik. Uste baino erritmo hobeagoan ari gara, gose puntu bat ikusi dugu eskolengan eta hori oso ona da. Lan taldeak, gainera, oso produktiboak izaten ari dira».