Arkeologia zaleek hitzordua dute zinema aretoetan
Lehenbizikoz Mendibilgo zinema aretoetan egingo dira proiekzioak. Guztira 30 film eskainiko dituzte eta sarrera doakoa da.
FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologia datorren azaroaren 11tik 16ra egingo da eta 30 film inguru proiektatuko dituzte. XXIV. edizioa izango da eta Irun erreferentzia bihurtzen jarraitzea da helburuetako bat. Gaur egin dute jaialdiaren aurkezpena Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko koordinatzaile nagusiak.
Berritasunak ere baditu zinemaldiak, Mendibil merkataritza guneko bi aretotan egingo baitira proiekzioak. Edizio honek, bada, “kalitatea baitario alde guztietatik” Alzagaren arabera. “Txikiek zein handiek arkeologiarik onenaz gozatu dute, zinemaren bidez” azaldu du udal ordezkariak.
Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Italiako filmak egongo dira ikusgai, baita Greziako, Brasilgo eta El Salvadorkoak. Ohi moduan, bi sail edukiko ditu jaialdiak: Sail Ofiziala eta Hezkuntza Saila. Batetik, ofizialean hamabost bat herrialdetako 30 pelikula jarriko dituzte eta egunean bi emanaldi egingo dira, 17:00etan eta 19:00etan. Lehenengo saiora gerturatzen direnek mahai inguru batean parte hartzeko aukera izango dute, Xabier Peñalver arkeologoarekin. [Kartelera, bukaeran].
Hezkuntza saileko filmak, berriz, goizetan emango dituzte, azaroaren 12tik 14ra bitartean. Emanaldi guztiak 11:00etan izango dira eta hainbat eskoletako ikasleak joango dir eta arkeologiak lurraldeko kultur ondareari egin dion ekarpena izango dute hizketagai. Hala nola, Toki Alai, San Vicente de Paul, Orereta Ikastola, Hiriondo Ikastola, Piarres Larzabal kolegioa eta Urruñako ikastolatik joango dira.
Azkenik, beste urte batez urpeko arkeologiak ere tartea izango du eta Donostiako Aquarium museoan izango da. Hala, zinema arkeologikoari buruzko maratoi bat eskainiko dute, hilaren 13an, asteazkena, 18:30ean. Emanaldia eta gero, mahai inguru bat egingo dute urpeko arkeologian aditua den Ander Arreserekin.
Edizio honetan ere jaialdiko pelikulak online ikusteko aukera egongo da Festhome plataformari esker. Aste batez egongo da aukera hau. Bestaldem, AudescMobile aplikazioaren bidez, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat eskuragarri egongo da programako filmetako bat, ONCEk sustatuko doako audio deskribapen sistema.
Bizinema ekimenak zinemaldia girotzen arituko da eta photocall tematiko bat jarriko dute, eta zinema aretoetako sarrera apaindu. Halaber, zinemaldiaren bukaerako galan hartuko dute parte,eta Sherlock Holmes gaztea filmaren emanaldian, azaroaren 16an, 18:30ean Mendibilgo aretoetan.
Sarrerak
Bukaerako galara joateko gonbidapena eskuratu behar da turismo bulegoan edota Oiasso Museoan azaroaren 5etik aurrera. Egunean bertan ere ahalko dira eskuratu Mendibil merkataritza guneko zinema aretoetan. Pertsonako bi gonbidapen ahalko ditu eskuratu.Gainontzeko emanaldiak doakoak izango dira, eta toki guztiak bete arte ahalko da sartu.
Sariak
Ohiko lau sariez gain, EITB saria banatuko dute aurten, 1.000 eurokoa. Sari honekin parte hartzen duten filmetan generoaren araberako ikuskera sustatu nahi dute, eta baloratuko dutena da emakumeak historian, arkeologia munduan eta zineman egindako ekarpena hobekien agertzea. Honako hauek dira sariak:
- Epaimahaiaren sari nagusia (2.000 euro).
- Ikusleen sari berezia (1.000 euro).
- EITB saria (1.000 euro).
- Hezkuntza Saileko saria (750 euro).
- Arkeolan saria (dibulgazio zientifikorik onenarentzako saria).
- Hastapenetako tokak (Frantzia, 2023, 4′)
- Naachtun. Erresuma maia, agerian (Frantzia, 2023, 90′)
- Inperio inka (Frantzia, 2023, 90′)
- Saudade (Espainia, 2023, 15′)
- Lascauxeko gizakiaren sekretuak (Frantzia, 2023, 52′)
- Thorin, azken neandertala (Frantzia, 2022, 53′)
- Hemen eman zuten denbora (Erresuma Batua, 2023, 10′)
- Neandertala, gizateriaren historiako lehenengo artista (Frantzia, 2023, 52′)
- Aurrez aurre daukadan lekua: tailer litikoak (Brasil, 2024, 15′)
- Emakumea eta ekonomia antzinatean (Espainia, 2024, 20′)
- Egeoko historian igerian (Grezia, 2023, 12′)
- Artzaintzaren aztarnak Babiako goi mendian, Leonen (Espainia, 2024, 12′)
- Israelen eta Paularen etxea (El Salvador, 2023, 19′)
- Sapiens edo artearen sorrera (Frantzia, 2022, 70′)
- Gizakia eta jainko-jainkosak, itsasoa eta sakratua dena (Italia, 2023, 42′)
- Iznik: urpeko basilikaren misterioak (Frantzia, 2023, 52′)
- Gauerdia Pradocastañoko trikuharrian (Espainia, 2021, 6′)
- Terra X. Xamanaren hilobia (Alemania, 2024, 45′)
- Mesopotamia: Irakeko altxorren berraurkikuntza (Frantzia, 2024, 51′)
- Arkeomania: kate maila galduak (Espainia, 2023, 30′)
- Sardinia: zibilizazio nuragiko misteriotsua (Frantzia, 2024, 52′)
- Libano: Biblosko erresumaren sekretuak (Frantzia, 2024, 90′)
- Ramesseum 2022: XXXIII. kanpaina arkeologikoa (Frantzia, 2023, 75′)