Oldarraldiaren aurrean "elkartuta irmo erantzuteko" bildu dira
Elkarretaratze jendetsua egin dute San Juan plazan, euskararen kontrako beste oldarraldi baten harira. Hizkuntza eskubideei ez ezik, adinekoen zaintza duinari eragiten dion epaia ere badela salatu dute.
San Juan plazan elkartu dira 200 lagun baino gehiago euskara eta euskaldunen kontrako beste sententzia baten aurrean. Oldarraldiaren aurrean elkartu dira, hain zuzen, eta deia AEK-k, Aitzondo Irungo Euskara Elkarteak, Betti Gotti Irun eta Hondarribiko Euskara eta Kultura elkarteak, eta Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak egin dute.
Ebazpen hau, Donostiako epaitegi batek emandakoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren organismo autonomoa den Kabiaren hizkuntz eskakizunak izan ditu jomugan. “Neurriz kanpokoak direla” 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko egindako prozesuan eskatutako hizkuntz profilak dio ebazpen horrek. Epaia, bi langilek aurkeztutako salaketaren ondoren heldu da, oinarrizko eskubideen urraketa salatu ondoren. Ebazpenari helegiteak jartzeko epea zabalik da, ez baita oraindik ere behin betikoa. Irunen kasuan, Ama Xantalen egoitzan du eragina.
Euskararen normalizazioaren kontra doan epaia, “tamalez, euskal hiztunon kontrako eraso baten berri izan dugu eta Iruni zuzenki eragingo dio”. Gainera, “adinekoak diren eta menpekotasuna duten” pertsonen zaintzari buruz ari dela ere epaia zehaztu dute. Izan ere, zaintza duina emateko hizkuntza “ezinbestekoa” da, eta mahai gaineratu dute lana ongi egiteko helburuz euskara ikasi duten langileen ahalegina, “epaileak horren gainean zer dio?” galdetu dute. “Eta euskaraz lan egitea ez dugu ezta aipatuko ere”.
Aurrekariak
Epai berri hau ez dela “eraso isolatua” azaldu dute. 2021. urtean Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uztearen alde egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak, euskaraz ez dakitenentzat “diskriminatzailea” zela argudiatu zuen epaileak. Irungo Udalak kasazio helegitea jarri zuen ebazpenaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian eta Espainiako Auzitegi Gorenean; azken horrek forma akatsa egotzita, ez zuen tramitera onartu Irungo Udalaren helegitea.
“Azterketari guztiek baldintza berdinetan egiteko berme bakarra denok españolez egitea omen da. Harrapazank!” salatu dute. Segidan, epai honek eragina izan dituen herriak zerrendatu dituzte, hala nola, Galdakao, Eibar, Pasaia edo Erandio, “geografia eskola emateko moduan geundeke, baita Euskotrenen ere”.
Erabaki isolatua ez den heinean, zirimiria bezala “pixkanaka-pixkanaka” bustitzen ari direla eta ohartzerako “itota” daudela deitoratu dute. “Isolatu eta bakartiak dirudite, baina ez, ongi definitutako estrategia baten emaitza baino ez da: euskara eremu publikotik ezabatzea” argi adierazi dute. Horren harira, euskaldunen hizkuntza eskubideak ukatzea eta denek españolez bizitzera kondenatzea direla helburuak salatu dute.
Bi eredu mahai gaineratu dituzte. Batetik, euskaltzaleek sustatzen dutena; gizarte eleaniztuna, euskara ardatz duena. Bestetik, gizarte elebakarra sustatzen dutenena eta gaztelania ardatz bakarra duena. “Guk eman eta eskaini egiten dugu, tresnak eta baliabideak ditugu euskara denok ikas eta erabil dezagun, ezagutza unibertsala baitugu helburu” defendatu dute. Beharbada ez direla nahikoak esan dute, baina hargatik, erakunde publikoei “exijitu eta eskatu” egin behar dietela irmo esan dute.
Kontrara, euskara zokoratzen ari dira Irungo euskaltzaleen aburuz. “Guk kohesiorako nahi dugu, integraziorako. Haiek, berriz, bereizketa nahi dute” leporatu diete. Ea nor ari den inposatzen galdetu dute erretorikoki.
Azkenik, eraso hauek guztiak “lazgarriak” diren arren, eraso hauek “elkartzeko, batzeko” izan daitezela, “elkartuta irmo erantzuteko” ozen esan dute, “euskaldun guztien eskubideak jokoan” daudelako. “Erasoen zirimiria olatu geldiezina bihur dezagun! Aitzina beti euskalduna!”.