'Eguardi on' jardunaldietako partaideen lehen topaketa egin dute
Irun Factoryn egin dute topaketa, eta bi udalerrietako ekintzaileek elkar ezagutzea eta sinergiak sortzea izan dira helburu nagusiak.
Irun eta Hondarribiko Eguardi on jardunaldiko partaideen lehen topaketa antolatu dute lehen aldiz bi herrietako udalek Bidasoa biziriken bitartez. Irun Factoryn egin dute ekitaldia, eta helburu nagusia bi udalerrietako ekintzaileek elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea eta sinergiak sortzea izan da “beren enpresa proiektuak bultzatzeko”.
Urtean zehar banaka zein taldeka egindako saio pertsonalizatuen bidez, sortzaileek beren proiektuen arrakasta “ziurtatzeko” behar dituzten alderdi teknikoak eta emozionalak indartu nahi ditu programa honek.
Nuria Alzaga, Bidasoa bizirikeko presidentea: “Lehen topaketa bateratu hau aukera erabakigarria da eskualde barruko kontaktu sarea zabaltzeko, Irun eta Hondarribiko ekintzaileek konexio puntuak aurkitu eta loturak sendotzeko aukera izan dezaten. Gainera, arrakastak eta erronkak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko gune egokia da”.
Bestalde, Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak gaineratu du Eguardi on topaketen “balio handienetako bat urteetan zehar sortu den komunitatea dela. Topaketa hau aukera bikaina da lotura horiek indartzen jarraitzeko, eta, zalantzarik gabe, eskualdeko ekosistema ekintzailea aberastuko duten lankidetza berriak sortuko dira”.
Olaia Agirre izan da aurtengo topaketen dinamizatzailea, bai Irunen baita Hondarribian ere. “Laguntza handia ikusi dut taldeko kideen artean, ekintzailetza den bidaia honetan hazten eta aurrera egiten laguntzen”.
Ekintzaileen aldetik, Iban Vaquero diseinatzaile grafikoak bi alderdi nabarmendu nahi izan ditu: “Batetik, norbere negoziazioari buruz pentsatuko ez genituzkeen gauzak pentsarazten dituen coaching-a nabarmendu nahi nuke; eta, bestetik, networking-a “.
Vaquerok aipatutako networking-ean oinarritutako ekintzak osatu dute aurtengo agenda. Nor da nor? gunea izan da horren adibide, eta bertan parte hartzaileek beren burua aurkezteko aukera izan dute.