BidaSOS 2030 kanpaina Hondarribira helduko da
Hiriko birziklapen tasa hobetzeko helburua duen kanpaina da. Bulego ibiltaria martxoak 8 plazan izango da urriaren 29tik azaroaren 27ra arte.
Txingudiko Zerbitzuakek 2023ko otsailean abiatu zuen BidaSOS kanpaina. Ordutik Irungo Larreaundin, Olaberrian, Behobian, Bidasoan eta Artia auzoetan izan da. 2030erako birziklatze tasa %70era handitzeko helburua duen proiektua da eta horretarako, gaikako bilketari buruzko informazio argia helarazteko eta edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, birziklatzeko ontziak eta poltsa konpostagarriak banatzeko bulego ibiltaria sortu zuten. “Irungo auzoetan kanpainak arrakasta handia izan du; azken auzoetan edukiontzi marroiko parte hartzean hazkunde garrantzitsuak lortu ditugu. Artian, % 57tik % 71ra igo da; Larreaundin, % 62tik % 71ra; Olaberrian, % 58tik % 62ra; eta Behobian, % 43tik % 63ra” azaldu du Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.
Irungo auzoetan helburuak burutu ondoren, kanpaina Hondarribira lekualdatuko dute. Bulego ibiltaria Martxoak 8 plazan izango da gaurtik azaroaren 27ra arte. Zubiturrek azaldu duenez, Alde Zaharrean % 46,75eko parte hartzea dago egun eta Portua Auzoan % 43,91koa da. Datozen egunetan datuok hobetzea izango da erronka. Horretarako, paraleloki, BidaSOS bulegoko arduradunek 1.380 etxebizitza bisitatuko dituzte, informazioa guztiontzat irisgarria izan dadin.
Bulegoaren ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.