Pikoketako fusilatuek "aitortzaren zain" jarraitu beharko dute
Pikoketako fusilatuen hobia memoria gune izateko protokolo falta salatu zuten atzoko ekitaldian. Biktima hauen aitortza lortzeko "gogor" jarraituko dutela lanean berretsi du Nicolas Gerendiain talde memorialistak.
Atzo egin zen Pikoketan 1936ko Gerran faxistek fusilatutako hamalau gazteen omenezko ekitaldia, Nicolas Gerendiain elkarte memorialistak deituta. Bertan izan ziren Irungo Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, PPkoak izan ezik. Dena den, talde memorialistak salatu du une erabakigarrietan ez dutela “inolako ahaleginik egiten” eta “trabak” jartzen dituztela “egia, justizia eta erreparazioa” frankismoaren eta trantsizioaren biktima guztiengana iristeko.
Izan ere, iazko omenaldian Pikoketako hobia “memoria gune” izendatzeko eskaera egin zen, bertan gertatutako modu ofizialean ikertu ahal izateko eta bertan lurperatuta dauden pertsona kopurua zehazteko. Egun hamalau identifikatuta badaude ere, hogei pertsona egon daitezkeela gogoratu dute.
Urtebete pasa da memoria gune izendatzeko eskaera egin zutenetik baina oraindik ez dagoela gune horiek izendatzeko protokolorik deitoratu dute. Lehen eta bigarren mailako biktimak daudela salatu dute, eta bertako hobian lurperatutako pertsonek, Espainia osoan barreiatutako hobi komunetan dauden beste milaka batzuk bezala, “aitortzaren zain” jarraitu beharko dutela azaldu du Nicolas Gerendiainek.
Elkarte memorialistek biktima hauen aitortza lortzeko eta gizateriaren kontrako krimen horiek ezagutzeko “gogor” egingo dutela lan berretsi dute. Justizia egitea eskatu dute hiltzaileekin, Espainiako estatu kolpea babestu zutenekin, Eliza katolikoarekin eta baita diktadura frankista osoan krimen hauekin kolaboratu zutenekin ere.
Azkenik, Palestinako herria izan zuten gogoan, eta aipamen berezia egin zioten azken urteko genozidioagatik. Dagoeneko 45.000 lagun baino gehiago hil dituzte bertan.
Pikoketan hildakoen izenak:
- Mertxe Lopez Cotarelo. 17 urte.
- Pilar Valles Vicuña. 17 urte.
- Jose Maria Arruti Idiakez. 18 urte.
- Victor Genua Montiano. 25 urte.
- Jesus Lopez Casado. 26 urte.
- Agapito Dominguez Taguada. 23 urte.
- Bernardo Usabiaga Jauregi. 18 urte.
- Manuel Justo Alberdi. 22 urte.
- Vicente Argote. 47 urte.
- Agustin Miguel Bermejo. 39 urte.
- Felix Luz Etxeberria. 27 urte.
- Angel Braña Lopez. 27 urte.
- Miguel Jacinto Lopez Martinez. 49 urte.
- Miguel Lorenzo Pascual, 35 urte.