Gran Sol taberna, Erdi Aroko XVI. Pintxo eta Tapa lehiaketako izarra
Asteburu honetan izan da Erdi Aroko Pintxo eta Tapa lehiaketa, Siguenza herrian (Espainia). Hondarribiarrek 'Sarandonga' pintxoa aurkeztu eta "oso asebeteta" geratu dira lortutakoarekin.
2024ko ekainean Hondarribiko Erdi Aroko pintxo onenaren saria eskuratu zuen Sarandonga pintxoak eta sari bezala, asteburu honetan Siguenzan (Espainia) egin den Erdi Aroko XVI. Pintxo eta Tapa lehiaketan aurkezteko aukera izan dute Iñigo Tizonek, Gran Sol tabernako sukaldariak, eta haren taldeak. Pintxoa ez da dirudiena: Arroz esne itxura duen arren, arroza eta bakailua nahasten dituen pintxoa da.
Intentsitate handiko egunak bizitzen ari direla adierazi zuen Tizonek saria eskuratutakoan, iragan astean Euskal Herriko Pintxo Txapelketan parte hartu eta finalistak izatera heldu ziren. Dena den, esfortzu guztiak merezi duela aitortu zuen hondarribiarrak eta esperientzia “oso asebetegarria” izaten ari dela.
Ez da Gran Sol tabernak sariketa honetan dir-dir egiten duen lehen aldia. Aurtengo sariarekin sei titulu bereganatu ditu Hondarribiko tabernak: 2008an, 2009an, 2013an, 2015ean, eta 2024an. Sari banaketan diploma bat eta 500 euroko saria jaso zuten irabazleek. Bigarren saria Lizarrako (Nafarroa) Florida jatetxeko Jorge Ruis Luzuriaga sukaldariaren taldeak eskuratu zuen, Navero mediebal pintxoagatik. Lehiaketako originaltasun saria, berriz, Baja jatetxeko Sergio Bajaren taldearentzat izan zen, Hormiga peregrina pintxoagatik.