Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan korrikalari bat zendu da
Helmugaratu eta berehala artatu zuten osasun zerbitzuek 31 urteko gaztea. Baliabide guztiak erabili arren ezin izan zuten ezbeharra saihestu.
Donibane Lohizune Hondarribia lasterketa oso esperotakoa izaten da. Antolakuntzak 3.000 dortsal jartzen ditu urtero korrikalarien eskura eta aurten, abuzturako, guztiak agortuta zeudela azaldu zuten antolaketako kideek lasterketaren aurkezpenean. Urtez urte, gainera, emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa da. Iaz %36a izan ziren emakumeak, eta aurten %38,4a, “erdi maratoiko distantzian eta inguruko lasterketekin alderatuta oso datu altua”.
25. edizioa zen aurtengoa eta mende laurdenaren ospakizuna izan behar zen eguna zeharo belztu zen. 31 urteko korrikalari gazte batek zorabio bat izan zuen helmuga igarota eta zerbitzu medikuaren arreta berehala jaso zuen arren, ezin izan zuten haren heriotza saihestu. Antolakuntza osatzen duten kide guztiak oso atsekabetuta agertu dira gertatutakoa azaltzeko egindako komunikatuan eta tristura handiz dolumin zintzoenak helarazi dizkiete parte hartzaile gaztearen senide eta lagunei.
Lasterketa antolatzerako unean segurtasun eta osasun protokolo “zorrotz” baten arabera prestatzen dute guztia, eta aurten, berritasun gisa, izena emateko unean ziurtagiri medikua aurkeztea eskatu zuten. Hala eta guztiz ere, beste bi korrikalarik osasun arazoak izan zituztela zehaztu dute, eta horiek ere berehalako laguntza jaso zutela. Bidasoako eskualdeko ospitalera eta Donostiako Poliklinikara bideratu zituzten. Gertatutakoen ondoren halako kirol probek duten “konplexutasuna eta intentsitatea” gogorarazteko baliatu nahi izan dute antolatzaileek.
Antolakuntzatik eskerrak eman dizkiete laguntza eta arreta eskaini zuten osasun talde eta boluntario guztiei, izandako “dedikazio eta profesionaltasunagatik”. Eta aldi berean, komunitate osoak erakutsi duen ulermen eta errespetuagatik ere eskerrak eman dituzte. Azkenik, ekitaldi horretan parte hartzen duten pertsona guztien segurtasuna eta arreta bermatzeko antolakuntzak duen konpromisoa berretsi eta lanean jarraituko dutela adierazi dute.