Unai Arroyok eta Mylene da Costak irabazi dute Donibane Lohizune-Hondarribia
Gizonezkoetan Jaume Leivak eta Pierre Urrutyk osatu zuten podiuma eta emakumezkoetan Nerea Egiak eta Marion Barrerek. Super Amara BATeko Jose Antonio Gomez de arriba bosgarren helmugaratu zen.
Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian maila handia izaten da urtero. Ibilbidea exijentea bezain polita izateak zerikusia izango du akaso. Donibane Lohizunetik irten eta berehala La Corniche errepidean sartzen dira lasterkariak, eta Euskal Herriko itsas labar artean korrika eginez heltzen dira Hondarribira.
Larunbateko euri jasen ondoren ezinegona nagusi zen parte hartzaileen artean, baina azkenean eguraldiak lasterketaz giro ederrean gozatzen utzi eta 2.716 kirolari helmugaratu ziren Hondarribiko Arma Plazan.
Emakumezkoetan Mylene da Costa Reis nagusitu zen. 1:22:23 behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bi minutu eskasera heldu zen CD Donostiarrak taldeko Nerea Egia Larrinaga (1:24:05) eta podiuma Marion Barrerek osatu zuen (1:25:05). Gizonezkoetan Unai Arroyo donostiarrak lortu zuen lehen postua 1:08:14ko denborarekin. Donostia-Behobiaren irabazle izandako Jaume Leivaren (1:09:09) eta iazko Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketako irabazlea izan zen Pierre Urrutyren aurretik (1:22:05). Super Amara BATeko Jose Antonio Gomez de arriba bosgarren helmugaratu zen.