Asteburu gazi-gozoa Txingudi Errugbirentzat
Emakumeen talde nagusiak garaipen argia lortu zuen Logroñon (12-47). Gizonak, aldiz, bikain borrokatu baziren ere, esku hutsik itzuli ziren Gasteiztik (40-15).
Asteburuak zapore gazi-gozoa utzi dio Txingudi Errugbi Taldeari. Emakumeen talde nagusiak garaipen argia lortu zuen Logroñon Riojaren aurka (12-47), eta sailkapeneko lehen postuan kokatu da. Gizonen lehen taldeak, aldiz, bikain borrokatu bazuen ere, ezin izan zuen partida irabazi Gaztedi B-ren kontra (40-15).
Emakumeek ezin hobeto hasi zuten partida Errioxako hiriburuan, bigarren minutuan aurretik jarri baitziren markagailuan entsegu eraldatu bati esker (0-7). Partida kontrolpean izan zuten uneoro, aukerak sortzen, eta hamahirugarren minuturako markagailuko aldea nabarmen handitu zuten (0-14). Defentsan egindako presioarekin, aukera gehiago sortu zituen Txingudik, eta partida erabakita utzi zuten (0-26). Atsedenaldira iritsi aurretik, baina, errioxarrek jokoaren iniziatiba hartu, azkar jokatu, eta lehenengo bost puntuak gehitu zituzten markagailura (5-26). Jokoa berdintzen joan zen, eta emaitza horrekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatia ondo hasi zuten bidasoarrek, errioxarren defentsa mugitzen, abaguneak sortzen eta markagailuko aldea handitzen. Egindako entsegu eraldatuei esker, Txingudik partida erabakita utzi zuen 61. minuturako (12-47). Aurretik, 56. minutuan, Riojak entsegu eraldatu bat lortu zuen. Markagailuak islatu zuen moduan, Txingudik garaipen erosoa erdietsi zuen Errioxako hiriburuan, eta jokoan zeuden puntuekin itzuli ziren etxera. Garaipen horri esker, gainera, sailkapeneko lehen postuan kokatu da Plaiaundiko taldea, Gaztedirekin berdinduta. Hurrengo partida, hain zuzen, Gaztediren aurka jokatuko du Txingudik, azaroaren 10ean.
Gizonak
Gizonen talde nagusiari dagokionean, lan ona egin zuten Gasteizen Gaztedi B taldearen aurka, baina ez zen nahikoa izan garaipena lortzeko. Eguraldi hotza eta euritsua lagun, Iñigo Camareroren mutilak ez ziren kikildu, eta indartsu hasi zuten neurketa. Lehen minutuetako plakaketek eta presioak baloiaren jabetza izatea ahalbidetu zien bidasoarrei, eta hamaikagarren minutuan berdinketa hautsi zuen Txingudik (0-3). Partida parekatua izan zen hasieran, baina Txingudik zuloak aurkitu zituen gasteiztarren defentsan, eta 23. minutuan markagailuko aldea handitu zuten (0-10).
Hortik aurrera, Gaztedik aldaketak egin zituen, eta baloiaren jabetza berreskuratu zuen. Horrekin batera, Txingudi behera etorri zen, eta Gaztedik lehen puntuak lortu zituen (7-10). Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, gasteiztarrek eraldatutako entsegu bati esker markagailua irauli eta aurretik joan ziren aldageletara (14-10).
Bigarren zatiaren hasiera kaotikoa izan zen bidasoarrentzat, eta etxekoek izan zuten lehen aukera baliatu zuten markagailuko aldea handitzeko (21-10). Txingudik, baina, azkar erantzun zuen, eta 46. minutuan aldea murriztu zuten entsegu batekin (21-15). Azken ordu erdian taldeak fisikoki gainbehera izan zuen, eta Hodei Guerreroren aldi baterako kanporaketak eta Julen Iglesiasen lesioak 14 jokalarirekin utzi zuten Txingudi. Tarte horretan, hiru entsegu eta bi eraldaketa egin zituen Gaztedik, partida erabakitzeko (40-15).
Iñigo Camareroren taldea ostiralean (azaroak 1) itzuliko da lehiara. Txingudik Uni Bilbo C taldea jasoko du Plaiaundin, 16:00etatik aurrera.