Txingudi Errugbiren seniorretako bi taldeak, kanpoan jokatzera
Gizonen taldea Gasteizera joango da, eta emakumeena, berriz, Logroñora. Biak ala biak irabazteko grina handia daukate.
Txingudi Errugbi taldearen bi senior taldeek kanpora bidaiatuko dute asteburu honetan. Batetik, Zaisa Txingudik Gasteizen jokatuko du Gaztediren aurka bere hirugarren jardunaldia, 13:30ean. Bestetik, Biok Txingudi Logroñora joango da eta Rioja izango du aurkari, 16:30ean.
Gasteizera joango direnen kasuan, Iruñean irabazita izandako senstazioak errepikatu nahi dituzte. Aurkariek ez dute liga sasoi onenean hasi, lehen bi partidak galdu baitituzte, baina Plaiaundikoei ez diete erraz jarri izan partidak. Gogoratu beharra dago iazko denboraldian, bidasoarrak play-offera sailkatzeko aukerarik gabe utzi zituztela.
Ligako hirugarren jardunaldia izanik, taldeak oraindik lehiaketaren martxa hartzen ari dira eta egoera hau probesten saiatuko Bidasokoak Gasteiztik puntuak ekarri ahal izateko.
Biok Txingudik bide onetik jarraitu nahi du
Emakumezkoen taldeak Logroñon jokatuko du denboraldiko hirugarren partida. Eibarren irabazi ondoren eta Durangoren aurka lortutako bonus puntuarekin, B multzoko lehenengo postuan dago taldea, Gaztedirekin batera. Riojak ez du liga modu onenean hasi eta azken postuan sailkatuta dago, baina etxean ez ditu gauzak erraz jartzen. Hain zuzen ere, pasa den denboraldian, Biok Txingudik markagailua bi alditan irauli behar izan zuen 29 eta 36 irabazten amaitzeko.
Ligako lehenengo faseak sei partida baino ez izanik, norgehiagokak irabaztea eta puntuak eskuratzea ezinbestekoa da Asier González Arañak zuzendutako jokalarientzako