Tasek eta zergek %3,5eko igoera izango dute 2025ean
Atzo arratsaldeko osoko bilkuran onartu zuten proposamena. Igoerak datozen hilabeteetan gauzatuko diren proiektu handiak finantzatzeko gaitasuna emango dio udalari.
Atzo arratsaldean gauzatu zen urriko osoko bilkura. Bilkura honek garrantzi berezia izan zuen, datorren urtean aplikatuko diren tasen eta zergen igoera onartzeko puntua aurkeztu baitzuen udal gobernuak.
Proposamen horrek lanketa sakona izan duela nabarmendu zuen Igor Enparan alkateak. 2024ko apirilaren 18an gauzatu zen batzorde batean hasi ziren zergen eta tasen lanketa egiten eta ekainaren 30era arte eman zieten gainontzeko alderdiei proposamenak egiteko epea. Alkateak adierazi zuenez alderdi politikoen eskaerak, udal teknikarienak eta herritarrenak biltzen dituen proposamena da atzo aurkeztu eta onartu zena. “Aldaketa handia dakarte, baina abiapuntua dira, prezio publikoak lantzen jarraituko baitugu”. Alkateak zehaztu zuenez hori izango da gobernu taldearen hurrengo eginkizuna. Hondarribiko Udalean jasota dauden bost zergetatik hiruk jasan dute aldaketa sakon bat eta tasei dagokienez, hiru tasetatik bik jasan dute aldaketa.
2012az geroztik tasak eta zergak izoztuta mantendu ditu udalak. Igoera hau, ordea, azken urteetan gertatu den testuinguru ekonomikoaren baitan ulertu behar da. “Prezio indizeen igoera nabarmena izan da. Beraz, lanketa betean gauden zerbitzu berri horiek jasan behar dituzten igoerak finantzatzeko eta egin beharreko inbertsioei aurre egiteko beharrezko baliabideak direla kontsideratzen dugu”. Datorren urtean, zehazki, honako proiektuak gauzatuko direla adierazi zuen Enparanek: Arrantzale auzoa berritzea, Gizarte Zerbitzuak Muliate auzora lekualdatzea, hiri autobusa martxan jartzea, bakardadearen aurkako programa abiatzea, bide publikoaren garbiketa egiten jarraitzea (%35eko igoera izango du zerbitzuak), loretzaintza zerbitzua mantentzea (zerbitzu honetan %25eko igoera aurreikusten da), animakien bilketa (%200 eko igoera), eta Udal Liburutegi zerbitzua mantentzea (%25eko igoera izango du zerbizuak).
Xehetasunak
Ondasun higiezinen gaineko zergari dagokionez, hiri ondasunetan zergaren karga tasa %1,75 igotzea, hobarien sistema Etxez Etxeko laguntzaren indizera bateratzea eta etxebitzitza hutsen errekargua %75era igotzea proposatzen da.
Trakzio mekanikozko ibilgailuen zergari dagokionez, tarifen taula guztiz aldatzea proposatu dute. Hau da zaldi fiskal gutxien duten ibilgailuei zerga murriztu eta gehien dutenei gehitu egingo zaie.
Plusbaliaren zergari dagokionez, plusbaliaren hobaria %75era igotzea proposatzen da heriotzagatik lehen etxebizitza jasotzen duten gernueneko ahaideentzat. Gainera, hobariaren aplikazioaren paragrafoa, epeei dagokiona, ezabatu egin da.
Jabari publikoko erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu berezien tasari dagokionez, %3,5eko igoera planteatzen da. Besteak beste, finka barruetara ibilgailuak sartzeko tasa, bide publikoaren okupazio tasa, erakusleiho edo kanpo salmenten tasa… Informazio gehiago udal webgunean aurki daiteke.
Eta azkenik, udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasari dagokionez %3,5eko igoera planteatzen da. Hau da, aktibitate lizentziak, hirigintza espedienteak, udal hilerria, ibilgailuak erretiratzea… Dena den, zenbait salbuespen egon badaudela azaldu zuten. Hilerriaren kasuan, adibidez, hilobien lagapen kasuetan lehen 24.000 edo 18.000 euro ordaindu behar baziren, aurrerantzean 12.000 eurora murriztu da ordainketa.
Udal taldeen erreakzioak
EH Bildu udal taldeak nabarmendu zuenez lan handia egin dute, batez ere, tasak eta zergak inklusiboagoak, bidezkoagoak eta progresiboagoak izateko. Onartutako proposamenaren bidez lehen oinarriak jarri dituztela gaineratu zuten.
EAJk eta PSE-EEk aldiz, kontrako bozka eman zuten. Jeltzaleek adierazi zutenez, ez dute denbora nahikoa izan udal gobernu taldeak helarazitako azken dokumentua aztertzeko. Igoerarekin desados agertu ziren, batez ere zail ikusten dutelako aurten aurrekontuaren %100a gastatzea. Gainera, proposamenak KPIaren igoera baino gehiago igotzea proposatzen duela kexatu dira nahiz eta beste zenbait puntutan adostasuna erakutsi. Sozialistek, beren aldetik, dokumentua irakurtzeko denbora falta izanagatik arbitrariotasuna eta gardentasun falta egotzi zioten udal gobernuari.
Gainerako puntuak
Hondarribia sormen hiria izeneko sorkuntza artistikoa sustatzeko bekaren oinarriak onartu ziren, Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozkarekin eta PSE-EEren kontrakoarekin. Gabarra dohaintzan jasotzeko eta HAPOren katalogoan sartzeko proposamena onartu zen. Kasu honetan, denen aldeko bozka jaso zuen proposamenak. Ikastetxe eta udal eraikinak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzua emateko kontratuaren luzapena onartu eta Bidasoko Eskualdeko Ospitalean egingo diren obrei %95eko hobaria ematea onartu zen aho batez.