PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute udal zerga eta tasen ordenantzarako
Tasak era progresiboan aplikatuko dira diru bilketa "berdintsuago, demokratikoago eta solidarioagoa" izan dadin. Era berean, tasen igoera %3,9koa izatea adostu dute.
Gaur egin den urriko osoko bilkuran onartu dute 2025eko udal zerga eta tasen ordenantza, eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak EH Bilduren babesa behar izan du horretarako. Izan ere, Elkarrekin Irunek eta EAJk aurreratu zuten kontra bozkatuko zutela. PPk ere hala egin du.
Akordioaren arabera, 2025era begirako udal zerga eta tasetan progresibitatea aplikatuko dute, hau da, hiritarrek ordaindu beharreko tasak diru sarreren arabera egingo dira. Hartara, diru bilketa “berdintsuago, demokratikoago eta solidarioagoa” izango da eta irundar guztien ongizatean “eragin positiboa” izango duela adierazi du Oihana Briones EH Bilduren bozeramaileak.
Horrekin batera, udal gobernuak hasiera batean planteatzen zuen tasen igoera %3,9ra jaistea adostu dute, eta beraz, tasen igoera %4 baino txikiagoa izango da. Sistema progresiboa honako tasa eta prezio publikoetan aplikatuko dute: abenturaero, udalekuak, haurtxokoak, Solas Jolas, udal kontserbatorioa, Eskola Kirolak, udal pintura akademian eta udal zeramika akademian.
“Gehiegizko burokraziarekin” bukatzeko helburua izan dutela ere azaldu du Brionesek. Hain zuzen, tramiteak sinpleagoak izateko administrazioen arteko kolaborazioa eta koordinazioa bultzatuko duen prozedura bat martxan jartzea adostu dute ere.