Konplizitatea ardatz, ahalduntzea helburu
Chiapas Eneak egiten duen lanarekin pozik da Ion Elizalde; ematen duena baino gehiago jasotzen duela aitortu du. GKEaren lana ikustarazteko erakusketa zabaldu zuten hilaren 11n Irunen.
Gobernuz kanpoko erakunde txikia da Chiapas Enea. 2015ean sortu zuen Ion Elizalde hondarribiarrak, Mexikoko Chiapas estatuan dauden emakume indigenei ahalduntze prozesuan laguntzeko. Urte hartan izan zuen lehenengo kontaktua bertako komunitate indigenekin, eta errealitatearekin parez pare jo zuela azaldu du. «Denetik ikusi nuen: gauza politak eta ez horren politak», eta horri esker paperaren gainean idatzita zuen proiektua bertako errealitatera egokitzea beharrezkoa zela ikusi zuen: «Askotan irudipen, aurreiritzi edota asmo batzuekin joaten gara, baina gero ikasi behar duzu zer behar duten edo zer nahi duten». Konplizitate bila komunitate asko bisitatu zituen, eta azkenean, gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) proiektuak esku zabalik hartu zituztenak topatu zituen.
Indigenen komunitateak txikiak izaten direla azaldu du GKEaren sortzaileak, «oso endogamikoak dira eta haien legeak dituzte. Nolabait esateko, euskaldunon lege zaharrak bezalakoak dira, eta horiek zuhur betetzen dituzte». Komunitateek, beraz, eskumen asko izaten dituzte, eta horiek «onerako zein txarrerako» erabiltzen dituzte.
Chiapas Enearen lehen proiektua 2015ean garatu zen. Bertako komunitateen beharrak aintzat hartuta ondo josten ikasteko formakuntza bat bultzatu zuten. «Ez da oso originala, baina bertako emakumeek nahi hori zuten». Mexiko osoan, baina batez ere Chiapaseko eta Oaxacako estatuetako indigenek, eurek egindakoekin janzten dira. Josteko makinak lortu eta ikastaroak burutu ondoren, emakume talde pare bat sortu zirela jakin dute GKEkoek —egun ez dute harremanik komunitate horrekin—, eta arropak ferietan saltzen dituztela.
Ondoren, beste komunitate batzuk bisitatu eta bestelako beharrak zituztenekin egin zuten topo. «Chiapasen euri asko egiten du. Hemen bezainbeste, baina ezberdin, hango klima tropikala delako. Sei hilabetean zehar, egunean bi orduz, euri jasa izugarriak botatzen ditu. Baina ur hori galdu egiten da, hango azpiegiturak oso txarrak direlako». Hori dela-eta, ur putzuak egiteko proiektua garatu zuten. Behin ur iraunkorra bermatuta, baratze ekologikoak izateko eta laboratzeko teknikak ikasteko ikastaroak egin zituzten. Lan horri guztiari esker, baratze komunitarioak garatu dituzte.
Lekua irabazten erakusketa
Hilaren 11n zabaldu zuten Kabigorrin Lekua irabazten erakusketa. Azken bi urteetan garatutako proiektuetako 22 argazkik osatzen dute; ur putzuak nola egin diren eta hangoek formazioa nola jaso duten ikus daiteke. Duela 3 urte hasi ziren Kabigorrirekin elkarlanean. Hitzaldi bat egin eta ordutik urtero antolatzen dute erakusketa bat edo beste.
Batez ere, Irungo eta Hondarribiko udalek bideratutako diru laguntzen bidez garatzen ditu Chiapas Eneak bere proiektuak. Hori dela-eta, herritarrekin zorretan daudela sentitzen dute elkartekideek. «Erakusketa hauen bidez jendeari erakutsi nahi diogu zertara bideratzen den haien diru kopuru txiki bat».
GKEak boluntarioekin lan egiten du, eta proiektuek iraun bitartean bertako adituen laguntza izaten dute. Une honetan, baina, ez dago boluntariorik han, Chiapaseko egoera biolentzia aldetik dezente okertu baita. «Lehen kartel bakarra zegoen, hori nahiko ona izaten da kartel bakarrak kontrolatzen baitu dena. Baina bigarrena sartzen denean… istiluak sortzen dira. Duela hiru urte gertatu zen hori. Orain, ordea, aldaketa batzuk gertatu dira. Mexikok lehenengo emakume presidentea du [Claudia Sheinbaum, hilaren 1ean hartu zuen kargua, komunitate indigenei laguntzeko konpromisoarekin], eta espero dezagun emakume honek egin beharreko akordioak egitea».