EH Bildu: "ordenantza fiskal justuagoak, sozialagoak eta parekideagoak onartu ditugu"
Bilkideak pozik agertu dira proposamenak aurrera egin duelako, baina aurrera begira ordenantza fiskaletan pauso gehiago emateke daudela iritzi dute.
Atzoko osoko bilkuran onartu zituzten 2025ean indarrean sartuko diren ordenantza fiskal berriak eta Hondarribiko EH Bildu pozik agertu da, horiek orain artekoak baino “justuagoak, sozialagoak eta parekideagoak” izango direlako. Iaz aldaketa esanguratsurik egiteko denborarik izan ez zela gogoratu dute, baina aurten lanketa “sakona” egiteko aukera izan dutela.
Bilkideek ordenantza fiskalari egindako ekarpenak honakoak izan dira: Ordenantza fiskaletako datuek genero ikuspegia lantzen dutela ziurtatu dute. Ondasun higiezinen zergaren kasuan, inor erroldatu gabe, duten etxebizitzei aplikatu beharreko errekargua %50etik %100era igotzeko proposamena egin zuten, eta, azkenean, errekargua %75ekoa izatea lortu dute. “Kontuan izan behar dugu 1.408 etxebizitzetan ez dagoela inor erroldatuta eta horietatik 1.221 etxebizitzek ez dutela errekargutik salbuesten dituen 3.000wko kontsumorik”. Horrenbestez, errekargu igoerak etxebizitza politikan pauso berriak ematea ahalbidetuko diela berretsi dute. Eta azkenik, etxebizitza turistikoen kasuan inongo hobari aukerarik ez izatea eskatu zuten, “eta esplizituki ondasun higiezinen zerga %75eko errekargua aplikatuko zaiela adieraztea”.
Bestalde, bilkideek Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudia “eskax”-tzat jo dute, ez baitu aireportua ezaugarri bereziko ondasun higiezin kontsideratzea ahalbidetzen. Ondorioz, aireportuari ezin zaio ondasun higiezinen zerga maximoa aplikatu. Eta azaldu dutenez, berdina gertatzen da katastro publikoan balio altuena duten higiezinen kasuan. Hori guztia kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru arauak bilkideek nahiko lituzketen arau sozialak izatetik urrun daudela adierazi dute.
Hondarribia justuago eta sozialagoa izateko ordenantza fiskaletan pauso gehiago ematen jarraitzea beharrezkoa dela iritzi dute eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.