EAJk hiru zinegotzi berrirekin egin du lehen osoko bilkura
Udal tasak eta zergak izan dituzte hizpide eta kontra bozkatu dute.
Gaurko osoko bilkuran udal tasen eta zerga publikoen ordenantza onartu dute PSE-EEren eta EH Bilduren akordioaren ondorioz. EAJk igoeraren kontra bozkatu du eta adierazi dute ez dela justifikagarria igoera herritar guztiengan berdin eragingo duelako, familia bakoitzaren errenta edota egoera ekonomikoa aintzat hartu gabe.
Igoera progresiboa izatea ere adostu dute udal gobernuak eta koalizio subiranistak, baina EAJk gogoratu du aurreko agintaldian ere akordio berdina egin baina ez zutela bete. “Norbaitek azaldu beharko du udalbatza honen aurrean, eta herritarren aurrean, oro har, nola justifika daitekeen akordioak dakarren onurak. Ez dute esandakoa bete edota ez dakigu noiz eta nola beteko den” adierazi du Gorka Alvarez jeltzaleen bozeramaileak.
Ondasun higiezinen gaineko zerga irundar guztiei eragiten diela azaldu dute eta udalaren diru bilketaren %50a da. EAJk salatu du sozialistek eta abertzaleek KPIa baino bi aldiz gehiago handitu dutela eta “kezko hesia” dela progresibitateaz hitz egitea deitoratu dute. Aitzitik, jeltzaleek bat egiten dute etxez etxeko arretaren eta bizigune programari lotutako prezioaren murrizketarekin.
Berriro oroitu dute tasen eta zergen bueltan adostasuna bilatzen saiatu direla udal gobernuarekin baina erantzunik ez dute jaso. Hartara, kontra bozkatu dutela gaurkoan “halabeharrez” esan dute.
Zinegotzi berriak
Goizeko udalbatzako saioan EAJren hiru zinegotzi berriek karguak hartu dituzte ere, Xabier Iridoik, Urkiri Salaberriak eta Jose Corchonek haien karguak utzi ondoren. Hartara, zinegotzi lanetan aritu dira lehenbizikoz Irene Kastezubi Arellano, Maite Cortina Crespo eta Carlos Martin Oronoz. Udalbatza bukatzerakoan Irungo EAJren udalbatzako argazkia atera dute.