Azaroaren 1a, begiz jotako eguna Bidasoko zubietan
Frantziako Gobernuak iragarri du berriro indartuko dituela poliziaren kontrol arrazistak. Dena den, ez dute argitu zubietan jarriko dituzten kontrol puntuak. Hala izatekotan migratzaileentzako «presioa handitu» egingo litzateke IHSren arabera.
Irailaren 9an kontrol arrazistak egiteko Frantziako Poliziaren etxola kendu zuten Santiago zubitik. Keinu hori sinbolikoki «oso positiboa» izan zela adierazi du Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideak (IHS). «Pisu handikoa» izan zen. Orain, ia bi hilabetetara, azaroaren 1etik aurrera berriro kontrolak egingo dituztela iragarri du Frantziako Estatuak. Ez dute argitu zubian bertan egongo den polizia, edota orain artean egin gisan Hendaian, edota handik Donibane Lohizunera arteko bidean egongo diren.
Erabaki hori sei hilabetean behin hartzen dute, beraz, hurrengo aldia azaroaren 1etik maiatzaren 1era bitarteko epean izango da indarrean. Bide horretan, 2022ko azaroaren 1ean Etorbidearen zubiko hesiak kendu zituzten Bruselak kontrolak egiteko baimena berretsi ondoren. Bi data horiek tentuz begiratzen dituzte Bidasoaren bi aldeko herritar sareek.
Horrez gain, zubiko etxola azaroan kendu bazuten ere, «kontrolak mugikorrak» direla, eta beraz, zubiek hesiak izateari utzi badiote ere, ez direla «bide seguruak» bermatu salatu du Galardik. «Gure betiko aldarrikapena izan da bide seguruak bermatzearena eta oraindik ez dute bermatu. Azkeneko bi hilabeteetan ez da horrela izan, nahiz eta etxola hori desagertu den». Hartara, Irungo Harrera Sarearentzat «berri txarra» litzateke zubi gainean jarriko balira kontrolekin, «presioa handitzen» dielako muga gurutzatu nahian dabiltzan migratzaileei. Ohartarazi dute «arrisku egoera» handitu egingo litzatekeela.
Solidaritatea
Frantziako Gobernuaren arabera polizia berriro ere kontrolak egiten arituko da, «alerta terroristagatik» eta «migratzaileen fluxu irregularra errazten duten sare kriminalen igoeragatik». Galardik argi azaldu du bai Hendaiako eta bai Irungo sareak «herritarrez osatutako sare solidarioak» direla. 2018tik jardunean dabiltza bi taldeak, izaera hori aldatu gabe.
Ordutik, Frantziako Estatua sareak «kriminalizatu» egin dituela azaldu du, estatu osoan «hainbat ekintzaile solidariorekin» egin bezala, eta azken berriak Bidasora iritsi direla esan du. Ipar Euskal Herriko kideak kriminalizatu nahia egotzi dio Frantziari IHSko kideak, 2025eko urtarrilaren 28an Baionako epaitegietara deitu baitituzte sare horietako zazpi kide. «Baina berriro errepikatuko dugu gu ez garela beraiek delinkuentetzat ematen duten sare horietako bat», adierazi du Galardik. Aitzitik, saretuta dauden herritarrak direla aldarrikatu du, eta harrera herriaren alde lanean dabiltzala, migranteek harrera duina jaso dezaten.
Bestalde, aurten IHStik igaro diren migranteen datuei erreparatuta, iaz baino gutxiago pasatzen ari direla saretik esan du Galardik. «Esaten ari dira azken aldian lehen arazoa dela immigrazioa, eta zenbakiek ez dute hori esaten», azaldu du. Eskuin muturraren kriminalizaziorako mezua seinalatu du, eta adierazi du «errealitatetik urrun» dagoen diskurtsoa dela