Emakumezko arraunlarien eskifaia seigarrenez omenduko du Olagarro elkarteak
Hilaren 26an Bidasoa Aldeko Batukadarekin batera ibilbide txiki bat egingo dute eta Olagarro elkartean bazkari goxo bat prestatuko diete.
Hondarribiko Olagarro elkarteak Hondarribiko Arraun Elkarteko emakumeei omenaldia eskainiko die hilaren 26an (larunbata). Eguerdiko 13:00etan Damarri plazatik irtengo dira arraunlariak, Bidasoa Aldeko Batukadarekin batera ibilbide txiki bat egingo dute Alde Zaharrean zehar. Nahi duen oro batukadarekin bat egitera gonbidatu dute elkartekoek. Kale Nagusitik Arma Plazaraino heldu, San Nikolas kalea igaro eta Gipuzkoa plazara iritsiko dira. Bertan mokadutxo bat eskainiko diete arraunlariei eta segidan, elkartean bertan, bazkari goxo bat eskainiko diete, aurten egindako denboraldiagatik. Bazkaltzen hasi baino lehen tokiko artisau batek, Gerardo Ferminek, egindako opariak banatuko dizkiete.
Euria egingo balu ibilbidea bertan behera geratuko litzateke.